}

Deskargatzen ez diren pilak

1990/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Iragarkietan besterik esaten bada ere, pila guztiak poliki-poliki deskargatu egiten dira erabiltzen ez direnean, eta erabiltzen direnean (irratian, linternan, etab.etan) zer esanik ez. Pila "termikoek" ordea nahi adina denbora iraun dezakete erabiltzen ez badira beren barneko energia oso-osorik dutelarik. Pila-mota honetako ale asko hogei urtean eduki dituzte biltegian, inolako zainketa berezirik gabe. Gero erabiltzeko hartu direnean, oso ongi funtzionatu dute. Izan ere pila termikoak elektrikoki neutroak dira aktibatzen ez diren bitartean. Aktibatuz gero ordea, ezin dira geldi erazi: erabat deskargatu arte martxan segitzen dute. Hori da daukaten oztopoa.

Pila hauek ez dira, noski, kale-kantoiko edozein dendatan saltzen. Aireko industria militarrean erabiltzen da gehienbat; misiletan esate baterako. "Exocet", "Milan", "Hot" eta beste zenbait misilek pila termikoak dituzte eta jaurtitzen direnean pila hauetatik hartzen dute motore, kalkulagailu, sentsore eta hainbat zirkuitu elektrikok behar duten energia.

Frantzian Bourges-eko "Aeroespatiale" erakundeak 1967. urteaz gero fabrikatzen ditu pila termikoak. Bere katalogoan berrogeiren bat eredu ditu: 25 mm-tik 128 mm-rainokoak, volt gutxitatik 100 volterainokoak, miliampere batzuetatik ehundaka ampererainokoak, segundo gutxiko iraupenetik hogei minuturainokoak.

Pila termikoak, berak sortzen du energia premien arabera. Pilak barruan zelula elektrokimikoak ditu seriez edota paraleloz elkarturik eta kaxa hermetikoan sarturik. Zelula bakoitzean elektrolitoa dago eta bertako zelula neutroak fusioz ioi bihurtzen dira giro-tenperatura baino askoz handiagoak daudenean. Elementu berotzailea zelula artean txertaturik dago eta elektrikoki ala mekanikoki abiarazten da.

Pila hauek biltegietan gordetzeko dagoen erraztasunagatik eta energia osorik gordetzeagatik, etorkizunean proiektu askotan erabiliko direla pentsatzen da; prezio aldetik ere interesgarriak bait dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia