Detektibe genetikoak
2000/09/12 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
ADNaren frogak pertsonen identifikazioaren esparruan iraultza ekarri du
Genetikaren erabilerak iraultza handia ekarri zuen kriminologiaren esparrura. Teknologikoki bideragarria zenetik aurrera, ADN froga behin betiko identifikatze metodotzat hartu zen. Norberaren kode genetikoa nortasun agiri biologikoa da. Hatz aztarnen azterketa baino froga zehatzagoa eta errazagoa da. Gainera, beste helburu askotarako erabil daiteke. Esate baterako, aitatasun frogarako erabiltzen da.
ADNa gorputzaren zelula guztietan dago. Oro har, odoletik edo espermetik erauzten da, laborategian likidoak oso egokiak direlako lan egiteko. Krimen batean, ordea, ez dira beti odola edo semen arrastoak uzten. Batzuetan azal zatiak, ileak edo azazkalak aurkitzen dira. Beste batzuetan ezertxo ere ez. Arrastoren bat jasoz gero, detektibeak kode genetikoa erauzteko gauza izaten dira gehienetan.
Laborategiko lana
Laborategian ADNa atera, isolatu eta puskatu egiten da. Kromosomak toki zehatzetatik puskatzea entzima batzuen lana da. Lortutako puskak tamainaren arabera banatu daitezke. Prozedura horren bitartez, bi pertsonen ADNak ezberdindu daitezke, pusken tamaina pertsonatik pertsonara aldatu egiten baita.
1982. urtean, Ronald Keith Williamson preso sartu zuten Oklahomako neska bat bortxatu eta hiltzeagatik. 1999. urtearen hasieran, berriz, ilea eta espermaren analisien emaitzengatik askatu zuten. Genetikak beste susmagarri bat salatu zuen. Williamson ez da bakarra ADN frogak eginda kartzelatik atera dena. Dagoeneko zortzi pertsonari kendu zaie heriotza zigorra Estatu Batuetan.
Hala eta guztiz ere, hiltzailea harrapatzeko bere kode genetikoa aldez aurretik ezaguna izan behar du edo aukera egon daiteke lortzeko. Hau da, ezin da ezezagun bat besterik gabe identifikatu. Dena den, beste mota bateko ADNa lagungarri izan daiteke, ADN mitokondriala, alegia. Orain arte aipatutako probak zelularen nukleoan dagoen ADNari egiten zaizkio.
Mitokondrio zelularen energia planta da eta han ere ADNa gordeta dago. Bertatik ezin da informazio osoa atera. Baina, familia bateko kide guztiek ADN mitokondrial berdin-berdina dute. Beraz, krimen bateko biktimaren senideak parte hartu duten behintzat jakin daiteke. Gainera, susmagarriaren kode genetikoa ez bada ezagutzen, bere familiko edozeinek eman dezake konparaketarako eredua. Haur galduen bilaketetan ere erabili ohi da.
Mitokondrioko ADN horren abantaila da ez dela denborarekin asko degradatzen. Adibidez, Neanderthal gizonen aztarnetatik eta antzinako inken momietatik ateratako ADN mitokondriala aztertu ahal izan da. Bestalde, ADN mitokondriala ohizkoa baino toki gehiagotatik jaso daiteke. Esate baterako, ez da ileen sustraietan bilatu behar, edozein ile puskan baitago. Nahiz eta bertatik informazio osoa ez lortu, detektibearen ikerketarako aukerak asko ugaritzen ditu. Minisekuenziazioa izeneko teknika batek analisiak erraztu ditu. Teknika horren bitartez, ADN mota horren analisia asko azkartu du. Lehen hiru hilabete behar ziren eta orain, ordea, analisia burutzeko soil-soilik hiru asteko kontua da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia