}

d'Hondt-en legea hauteskundeetan

2009/07/05 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

EAEko hauteskundeak izan genituen martxoan, eta Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak izan ditugu orain, ekainean. Hauteskunde-urtea izan dugu aurtengoa. Baina, badakizue nola kalkulatzen den Legebiltzarreko eserlekuen banaketa hauteskundeen ondoren? Zein da alderdi politiko bati eserleku gehiago edo gutxiago ematen dizkion formula? Ez zaigu gaizki etorriko d'Hondt-en legea ezagutzea edo gogoraraztea.
Gehienetan eserlekuak dira d´Hondten legearen arabera banatzen direnak
freshwater2006

Besteak beste, hauteskundeetan lortutako emaitzak erakunde politikoetan islatzeko mekanismoa da, nolabait, d'Hondten legea. Beste modu batean esanda, boto-kopurua eserleku-kopuru bihurtzeko formula matematikoa da. Batez ere, politika-alorrean da ezaguna. Izan ere, hauteskunde-garaian erabiltzen da batik bat lege hori. Dena den, ez dugu ahaztu behar edozein banaketa proportzional egiteko ere erabilgarria izan daitekeela.

d'Hondten legearen arabera, alderdi bakoitzaren boto-kopurua N bider zatitzen da N eserleku badaude jokoan. Kozienteak ordenatzen dira gero, eta N eserlekuak banatzen dira, koziente handienetik Ngarrenera arte.

Tartaren banaketa

Tarta nola banatu erabakitzeko ere balio digu d´Hondten legeak
Artxibokoa

Beharbada, konplikatua dirudi hala irakurrita, baina ez da horrenbesterako. Lege hori hobeto ulertzeko, tartaren adibidea jarriko dugu. Tarta eder bat daukagu mahai gainean. Eta hura jateko prest, lau pertsona: A, B, C, eta D. Laurek nahi dute osorik jan, eta posible da, baldin eta lau zatiak hartzeko eskubidea banan-banan eskuratzen badute. Guk, 100 lagunek adibidez, botoa emanda erabakiko dugu nola banatuko den tarta.

Eman ditugu botoak. A-k 57 boto eskuratu ditu, B-k 23, C-k 18 eta D-k 2. Egina dago. Hasteko, d'Hondten legeak dio boto guztien % 3 baino gutxiago lortu dutenak lehiatik kanpo utzi behar direla. D-k bi boto besterik ez du; beraz, ez du tartarik jango. Lehiatik kanpo geratzen da.

Hauteskundeetan lortutako emaitzak erakunde politikoetan islatzeko mekanismoa da, nolabait, d´Hondten legea
Valery-XavierLentz

Gogoratu lau zatitan banatu behar dela tarta. Hortaz, d'Hondten legearen arabera, hautagai bakoitzak lortu duen boto-kopurua zati bat, zati bi, zati hiru, eta zati lau egin behar da. Tarta-zatiak dira kasu honetan, baina eserlekuak gehienetan.


Lau zatiak nola banatu geratzen diren hiru gosetien artean? Erraz, zatiketetan irteten diren lau zenbaki handienak aukeratuta. Zenbaki handiena 57 da, eta harentzat da tarta-zati bat, eta bigarren zenbaki handiena ere A hautagaiarena da, 28,5; beraz, baditu bi tarta-zati. Hirugarrena 23 zenbakia da, B hautagaiarentzat. Eta azken zatia, berriro ere, A hautagaiarentzat, 19 baita hurrengo zenbaki handiena.

Bukatu da banaketa, A-k hiru zati jango ditu, eta B-k bat. C eta D-k, boto batzuk izan arren, ez dute usaindu ere egingo. Gauza bera gertatzen da askotan politikarien eserlekuen banaketarekin. Zuzena den? Ez gara horretan sartuko, baina pastela nahiz eserlekuak horrela banatzen ditu d'Hondt-en legeak.

Victor d'Hondt (1841-1901) Ganteko irakasle eta matematikari bat zen. Ordezkapen sistema proportzional bat lortu nahi izan zuen, etorkizuneko sistema parlamentarioetan erabilia izan zedin. Baita lortu ere; bere helburua bete zuen. Beste kontu bat da hark egindakoa guztion gustukoa den edo ez, edota, beste modu batera esanda, banaketa guztiontzat bidezkoa den edo ez.

Horretaz pixka bat dakitenek diotenez, arazoa ez da proportzio-formularena.d'Hondt-ek ondo diseinatu zuen bere sistema, baina gaizki aplikatzen da Espainian, esaterako. Horren harira, alderdi batek baino gehiagok, segur aski, d'Hondt jaunari eskatzen dizkiote kontuak hauteskundeak hurbil dauden guztietan, eta hura jotzen dute beren alderdiaren “porrotaren” errudun.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia