}

Diagnostiko klinikoetarako bakterio bat eraldatu dute, elementu metalikoak gehituta

2023/08/17 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

diagnostiko-klinikoetarako-ezaugarri-bereziak-ditu
Magnetospirillum gryphiswaldense bakterioaren irudiak. Ezkerrean: transmisioko mikroskopia elektronikoaren bidez lortutako irudiak. Bakterioaren barruko magnetosoma-katearen xehetasun guztiak ikus daitezke. Gainerako irudiak: X izpien fluoreszentzia-mikroskopiako irudiak. Horietan, burdinaren eta terbioaren/gadolinioaren kokapenak ikus daitezke. Irudi horiek Diamond Light Source sinkrotroiaren I14 lerroan lortu ziren. Arg. EHU

Magnetospirillum gryphiswaldense bakterioa ezaguna da magnetita-kristalak sintetizatzen dituelako, eta, hala, iparrorratz gisa jarduten duelako. Ezaugarri horri esker, oso interesgarria da nanorrobot gisa erabiltzeko, eremu magnetikoen bidez, tratatu beharreko lekura eraman baitaiteke. Ordea, ez da erraza eraldatzen, eta funtzionalitate berriak gehitzea.

EHUren Magnetismoa eta Material Magnetikoak Taldeko ikertzaileek zailtasun hori gainditu dute, bakterioaren hazkuntza-ingurunean elementu metalikoak  gehituta. Zehazki, terbioa (Tb) eta gadolinioa (Gd) gehituta, bakterioak bi konposatuak barneratzea, eta fluoreszente eta kontraste bikoitzeko agente bihurtzea lortu dute. Horrek diagnostiko klinikoetarako aproposa bilakatzen du.

Materials Today Bio aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, frogatu dute, batetik, terbioak fluoreszente bihurtzen duela bakterioa. Horren bidez, biomarkatzaile gisa erabil daiteke, haren arrastoari jarraitzeko aukera ematen baitu. Bestetik, egiaztatu dute, gadolinioa barneratuta, erresonantzia magnetikoetarako kontraste bikoitzeko agente bihurtzen dela, . Hain zuzen ere, horretara bideratu dute ikerketa. In vitro egindako probetan, baieztatu dute ez dela toxikoa, eta orain lanean ari dira ikusteko baliagarria izan ote daitekeen minbiziaren aurkako tratamenduetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia