Diamantez egindako zelula fotovoltaikoak
2001/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain arte, zelula fotovoltaikoetan gehien erabili diren materialak silizioa eta, berrikiago, galio artseniuroa izan dira. Estatu Batuetako Ikuskapenerako Erakunde Nazionalak (NRO), ordea, material horien ordez diamante polikristalinoa erabiliko duen saiakera bultzatuko du. Erakunde horrek AEBetako satelite espiak kontrolatzen ditu eta, horregatik, satelite horiek energia elektrikoz hornitzeko ahalik eta zelula ahaltsuenak lortu nahi ditu.
Oraindik teoria hutsa bada ere, badirudi diamante polikristalinoz egindako zelulek hainbat abantaila izango dutela. Alde batetik, erradiazio-maila eta tenperatura handia jasan dezakete. Bestalde, % 50 inguruko eraginkortasun energetikoa dute (silizioaren kasuan % 10 eta % 15 bitartekoa da).
Gainera, material berri hori ez da aurrekoak baino garestiagoa izango, zelulak egiteko ez baita diamante naturala erabiliko. Horren ordez, milioika diamante-kristal mikroskopikoz osaturiko pelikula meheak erabiliko dira eta pelikula horiek metanotik (gas naturalaren osagai nagusia) lor daitezke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia