Dinosauro pisutsu eta osoena
2014/09/12 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Barazki-jalea zen, 26 metro luze, eta 60 tona inguruko pisua ei zeukan. Patagonian bizi izan zen duela 77 milioi urte, eta oraintxe erakutsi dituzte lehen aldiz haren aztarna fosilak. Dreadnoughtus schrani izenarekin bataiatu dute orain arte aurkitu den dinosauro lurtar handiena.
Aurkikuntza egin zuten Estatu Batuetako eta Argentinako ikertzaileek, Nature taldeko Scientific Reports aldizkarian eman dute haren berria. Sinc Kenneth Lacovara palentologo eta ikerketa honen zuzendariaren arabera, aurkikuntza honi garrantzia berezia ematen diona, hezurduraren osotasuna da. “100 hezur aurkitu ditugu, eta uste dugu orotara 142 izan zitzakeela”. Beraz, hezurdura osoaren % 70 aurkitu dute. Buztanaren ornoak, lepokoak, saihets-hezurrak, behatzak, atzapar bat, masailezurra, hagin bat, eta gorputz-adarretako hezur gehienak berreskuratu egin ahal izan dituzte, tartean femurrak eta humero bat. Hezur bi horiek direnez koadrupedoen masa kalkulatzeko erabili ohi diren oinarria, pisuaren kalkulua fidagarria da.
60 tonako gorputzaren kaloria-beharrari erantzun ahal izateko, zientzialariek uste dute dinosauroak egunaren zatirik handiena landareak jan eta jan pasatuko zuela.
“Pisuaz gain –dio Lacovarak–, hezurrek erakusten dute hil zenean oraindik dinosauroa hazten ari zela. Lurrean ibili diren izaki handienen adibiderik onena da”.
Hezurdura berreskuratzeko, ikertzaileek lau indusketa-kanpaina egin zituzten 2005 eta 2009 urteen artean, Argentinako Patagonian, Chubut probintzian. Dreadnoughtus schrani erraldoia aurkitutako tokian, beste txikiago bat ere bazegoen, baina hezurdura ez zegoen hain osoa. “Uste dugu bat-bateko uholde batek harrapatuko zituela, lurra harea mugikor bihurtu eta biak irentsiko zituela. Horregatik egongo dira hain egoera onean. Haien zoritxarra gure zoriona izan da”.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia