Dinosauroaren lapurreta
2001/09/12 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia
Fosilak aztertzen dituen senar-emazte bikote bat Allosaurus baten hezurdura lapurtzeaz salatu dute AEBetako Justizia Ministerioak eta Utah estatuko Fiskal Nagusiak. 1992. urtean Utah-ko lur federaletik ateratako dinosauro hau erosi eta japoniar erosle bati saldu izana leporatzen zaie.
1992. urtean Utah-n aurkitutako dinosauroaren hezurdurak polemika sortu du azken hilabete honetan, eta hori erosi eta saltzearen arduradun izan daitekeen senar-emazte bikote batek bertako auzitegietan aurkezteko deia jaso du.
Goi Jurasikoan bizi izan zen dinosauro harrapari hori 10-14 metro luze zen eta 3 tonako pisua zuen, eta oraingoz, osatuta dauden dozena bat hezurdura baino ez dira ezagutzen. Allosaurus baten hezurdura lehendabiziko aldiz 1883an aurkitu zuten, eta oraingoz AEBetan eta Tanzanian baino ez dituzte horrelakoak aurkitu. Genero hau duela 145-150 milioi urte inguru bizi izan zen, eta abiadura handiegia lortzeko ahalmenik ez bazuen ere, bere garaian harrapari beldurgarria izan zela uste dute adituek. Aurkitu duten indibiduoak hezurren % 85a du oraindik, Salt Lake City-ko Lurralde Antolamenduko bulegoko Laurie Briant paleontologoak aditzera eman duenez.
Salaketa jaso duen James eta Rhodes-James bikotea Prehistoric Journeys elkarteko arduraduna da eta suntsitutako hainbat espezieren 100 hezurdura baino gehiago berregin ditu. Horietako batzuk museorik garrantzitsuenetan ezarri dira.
Salaketak dioenaren arabera,James-ek, Utah estatura egindako bidaian, lur federaletan Allosaurus bat aurkitu zuten hiru gizonezkoekin elkartu zen, eta dinosauroa erosteko asmoa azaldu zien. Fosila lurpetik ateratzeagatik 90.500 dolar eskaini zizkien, eta gero japoniar erosle bati 400.000 dolarretan saldu zion.
Hala ere, James-ek dinosauroa erosi izana ukatu du, bere esanean hezurdura txukundu eta erosle bat aurkitu besterik ez baitzuen egin. Berak dioenez, hezurdura hainbat indibiduoen hezurrak bilduz osatu dute. Oraingoz behintzat Kultur Ondaren Legea hautsi izana leporatu zaie, eta hori dela eta, 15 urteko gartzela-zigorra eskatu dute beraientzat.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia