Dinosauroek hegaztien antzera hartzen zuten arnasa
2005/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Aire-poltsak aurkitu dituzte dinosauro baten hezurretan Ohio eta Harvard unibertsitateetako ikertzaileek. Dinosauroek gaur egungo hegaztien antzeko arnas aparatua zutela erakusten omen du horrek, hegaztiek ere aire-poltsak baitituzte hezurretan.
Aurkikuntza Majungatholus atopus dinosauro haragijale baten fosilean egin dute. Fosil horren aire-poltsak gaur egungo 200 hegaztirenekin alderatu dituzte, eta oso antzekoak omen dira. Dinosauroek energia asko behar zutela uste da, eta hezurretako aire-poltsa horiekin arnas sistema eraginkorra izango zuten.
Dinosauroen eta hegaztien arteko antzekotasun asko ari dira aurkitzen azken bolada honetan; ez da harritzekoa, hegaztiak dinosauro batzuen ondorengoak direla uste da eta.