}

Dinosauroen atzamarretatik hegaztien hegoetaraino

2009/06/18 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Hegaztiak dinosauroetatik datozela dioen teoria onartua dagoen arren, zenbait gauza argitzeke daude oraindik.

Hegaztien enbrioien garapenean ikusten da hegoak bigarren, hirugarren eta laugarren atzamarren fusiotik eratuak direla. Dinosauro teropodoek (Tyrannosaurus edo Velociraptor, esaterako) ere hiru atzamar zituzten, baina, paleontologoek uste zuten lehenengo, bigarren eta hirugarren atzamarrak zirela. Izan ere, dinosauro teropodo primitiboagoen fosiletan lehenengo hirurak zeuden garatuta, eta laugarren eta bostgarren atzamarren arrastoak zituzten.

Baina orain, Pekingo Ornodunen Paleontologia eta Paleoantropologia Institutuko eta AEBko George Washington Unibertsitateko ikertzaileek Limusaurus inextricabilis dinosauroaren fosilak aztertu dituzte. Eta ikusi dute, batetik, lehenengo atzamarra oso motza dutela, eta, bestetik, bigarren atzamarraren metakarpo-hezurra bat datorrela gainerako teropodoetan ustez lehenengo atzamarra zenarekin. Beraz, emaitza horien arabera, badirudi teropodoetan ere bigarren, hirugarren eta laugarren atzamarrak izan daitezkeela garaturik daudenak. Horrela askoz errazago uler liteke dinosauroen atzamarretatik hegaztien hegoetarako bidea.

Irudia: James Clark

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia