Dinosauroen barneko sekretuak agerian
2002/10/21 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Dinosauroa Brachylophosaurus canadensis espezieko indibiduoa da, hadrosauroen taldekoa. Hadrosauroak belarjaleak ziren eta, ahatearen mokoaren itxurako muturra zutenez, dinosauro mokodun bezala ere ezagutzen dira.
Adituen esanean, aurkitu den brakilofosauroa duela 77 milioi urte hil zen, Kretazeo berantiarrean, eta lau urte zituen hil zenean. Animaliaren gorputzeko xehetasun ugari aurkitu dituzte: azala, mokoa, behatzetako azazkalak eta erraiak. Gainera, animaliak jandako azken otordua zein izan zen jakin ahal izan dute: koniferoak, iratzeak eta magnoliaren antzeko beste landare bat. Urdailaren barnean eta gorpuaren inguruan aurkitutako landare-aztarnetan 40 landare-espezie baino gehiago identifikatu dituzte.
Brachylophosaurus generoko beste hiru fosil bakarrik daude mundu osoan, eta azken honek eman dituen datu guztiekin, espezieari buruzko xehetasun ugari jakin ahal izango dituzte paleontologoek. Adibidez, orain arte hadrosauroak bipedoak zirela uste bazen ere, ale honetan aurkitutako sorbaldako muskulu indartsuek lau hankatan ibiltzen zirela adierazten dute.
Oso arraroak dira ehun bigunen aztarnak dituzten fosilak eta, horregatik, kasu hau oso berezia dela diote adituek. Diotenez, ezohiko faktore asko batera gertatu direlako bakarrik lortu da horrelako fosil baliotsua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia