}

Dinosauroen galerarekin lotutako asteroidearen jatorria argitu dute

2024/08/28 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

dinosauroen-galerarekin-lotutako-asteroidearen-jat
Chicxulub kraterra eragin zuen asteroidea Jupiterretik harago iritsi zela ondorioztatu dute. Arg. NASA/CC BY

Duela 66 milioi urte, asteroide batek, gaur egun Mexikoko golkoa dagoen lekuaren kontra jo zuen, eta krater erraldoi bat utzi zuen: Chicxulub. Inpaktuak eragindako aldaketek K-Pg muga zehaztu zuten (lehen K/T izenez ezaguna), hau da, Kretazeoaren eta Paleogenoaren arteko muga. Zumaiako Algorri da muga hori ondoen ikusten den lekuetako bat, eta haren ezaugarrietako bat da espezieen % 60 desagertu zela, tartean, dinosauro-espezie gehienak. Hala, inpaktu hori jotzen da dinosauroen desagerpena azaltzeko teoria nagusitzat.

Orain, K-Pg mugan hartutako laginetan, rutenio-isotopoak aztertu dituzte Koloniako unibertsitateko ikertzaile batzuek (Alemania), eta era Arkaikoko esferula kosmikoen laginekin (3500-3200 milioi urtekoak) eta bi meteoriko karbonatodunenekin alderatu dituzte. Horrela, ikusi dute K-Pg mugako rutenio-sinadura uniformea dela, eta kondrita karbonodunenen oso antzekoa; aldiz, ez du Lurreko eta beste meteorito-mota batzuen laginenen antzik. Hortik ondorioztatu dute asteroide hura, seguru asko, Jupiterretik harago iritsi zela.

Azaldu dutenez, duela 500 milioi urtetik hona sortu diren beste asteroide eta meteoritoetatik desberdina da, eta erabateko salbuespena da Lurraren aurka jo duten gorputzen artean, haiek eguzki-sistemaren barruko eremuetatik iritsi baitira. Chicxulub kraterra sortu zuen prozesua, beraz, eguzki-sistemaren sortu eta gutxira abiatu zela ondorioztatu dute. Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia