DIPC10: Kimika denontzat, eta argiaren erabilera harrigarriak
2010/10/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Atzo, Passion for Knowledge kongresuaren laugarren eguneko dibulgazio-hitzaldiak izan ziren Donostiako Kursaaleko areto batean. Hizlariak, bi Nobel saridun eta musikari bat izan ziren: Roald Hoffmann kimikaria, Claude Cohen-Tannoudji fisikaria eta Luis de Pablo konposatzailea.
Roald Hoffmann jatorriz poloniarra da, baina Estatu Batuetan bizi izan da txikitatik, Europatik alde egin baitzuen Bigarren Mundu Gerra bukatu eta urte gutxira. 1981ean, kimikako Nobel saria jaso zuen, hainbat erreakzio organikoren mekanismoak azaltzeko ikerketarengatik. Atzoko hitzaldia kimikari buruzkoa izan zen, oro har. Hala ere, kimika, artea, industria eta beste giza jarduera asko lotu zituen.
Aztertu zuen zer espero duen kimikaz horretan aditua ez den pertsona batek, eta azaldu zuen kimikak zerikusia handia duela aurkako kontzeptuek sortzen duten tentsioarekin. Konplexutasuna eta sinpletasuna. Naturan dagoena eta ez dagoena. Substantzia onuragarriak eta kaltegarriak. Tentsioa eragiten duten bikoteen beste adibide asko ere badaude eta haiek erabili zituen Hoffmannek kimikaren ikuspuntu arina, entretenitua eta, batzuetan, dibertigarria eskaintzeko.
Roald Hoffmann-en hitzaldia.
(Bideoa: DIPC)
Claude Cohen-Tannoudji algeriarra jatorriz sefardia da, baina Frantzian egin du (eta egiten ari da) ibilbide profesionala. 1997an fisikako Nobel saria eman zioten, atomoak hoztu eta harrapatzeko teknikak garatzeagatik. Eta, hain zuzen ere, mota horretako teknika aurreratuak aurkeztu zituen eman zuen hitzaldian.
DIPCaren hamargarren urteurrena ospatzen ari garen aipamenetik abiatu zen, eta beste hiru urteurren ere aipatu zituen. 60 urte dira bultzada optikoa posible zela argitaratu zenetik; alegia, fotoi polarizatuekin materiari fisikoki bultza egin dakiokeela argitaratu zenetik; 50 urte dira lehen laserra garatu zenetik; eta 15 urte dira Bose-Einstein kondentsatua, materiaren egoera fisiko berri bat, lehen aldiz sortu zutela laborategian.
Claude Cohen-Tannoudji-ren hitzaldia.
(Bideoa: DIPC)
Hiru aurkikuntzek dute zerikusia Tannoudjiren lanarekin, eta argiaren eta materiaren arteko elkarrekintzarekin. Gauza harrigarriak egin daitezke argi polarizatua igortzen duten laserrekin, eta Tannoudjik garrantzitsuenen azalpen zabal bat egin zuen. Erloju atomikoez hitz egin zuen, tenperaturaren zero absolututik egiten diren esperimentuei buruz, eta abarrez. Fisikarien lan gogorra eta imajinazioa biltzen dituen esparrua da Nobel saridunak aurkeztu zuena.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia