}

Disketetik SuperDisk-era

2002/03/31 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ez da batere originala informatikan gauzak abiadura handian aldatzen direla esatea, baina disketeen erabilera hainbeste murriztu bada, arrazoia ez da beste inon bilatu behar. Egunetik egunera informatikaren erabilera aldatzen ari da eta disketearen ordezko berriak aspaldi merkaturatu ziren.

Disketearen edukiera murritza

Diskete baten edukiera 1,44 Megabytekoa (Mb) da. Karaktere batek, teorian, aparteko maketaziorik gabe, gutxi gorabehera 8 hit okupatzen ditu. Horrek esan nahi du 3.000 karaktereko 500 orri sar daitezkeela diskete batean (3.000 . 500 = 1,5 Mb). Ez da gutxi, baina multimediak hori baino askoz ere gehiago eskatzen du.

Diskete batean, esaterako, ezinezkoa da minutu eta erdi baino gehiago irauten duen kantu bat grabatzea edo 640 . 480 pixel baino gehiago dituen argazki bat Tiff formatuan gordetzea. Hortaz, ordenagailua testuak idazteko bakarrik erabiltzen ez dutenentzat disketeak ezer gutxirako balio du.

Gainera, PC ordenagailuek oraindik diskete-irakurgailua badute ere, Macintoshetatik aspaldi desagertu zen eta, beraz, lagun batek diskete bat utziz gero hobe etxean Macintosha ez edukitzea. Egia da, bestalde, Internet bidez gero eta informazio gehiago bidaltzen dela alde batetik bestera, baina bestelako irtenbideak beharrezkoak dira.

Disketea erabiltzen da oraindik, baina gero eta gutxiago.

Gainera, disketearen eta bere ordezkoen eginkizuna ez da soilik informazioa alde batetik bestera garraiatzea; disko gogorra arintzeko ere oso baliagarriak dira. Disketeari, beraz, uste baino lehenago etorri zaio zahartzaroa eta bere ordezkoen, zipen (100 eta 250) eta SuperDisk-en, garairik oparoena heldu da.

Bakoitzak bere abantailak

Zip 100 disketearen ordezkoa 1995ean merkaturatu zen eta, ordurako disketearen edukiera txikiegia zenez, ez zuen merkatua bereganatzeko batere oztoporik izan. Arrakasta handia lortu zuen eta, gaur egun, Macintosh batzuetan integratuta dator. Zip 100ak 13,57 euro balio du, eta ordezkoetan kapazitate txikiena duenez gero, merkeena ere bada. Baina, proportzioan, Zip 100a besteak baino garestiagoa da –Mb bakoitzak 0,13 euro balio du–.

Zip 250a duela urtebetetik dago merkatuan, eta Zip 100aren ordezko zuzena da. Zip 100a baino forma biribilagoa du eta, hain justu ere, diseinua da aldaketa nagusia. Aurrekoa baino errazago eramaten da alde batetik bestera. Dena dela, forma aldatu arren, Zip 100eko grabaketak irakur ditzake. Grabatzeko abiadurari dagokionez, ez dago alderik bien artean.

Merkatuak bi zip horien aldeko apustu garbia egin du. Informazioa Zip 100 batean grabatuta, ia seguru, zoazen lekura zoazela, ez duzula arazorik izango informazio hori irakurtzeko. Zip 250ari buruz oraindik ezin daiteke horrenbeste esan, gehienbat profesionalek erabiltzen baitute.

Zipek arrakasta handia izan badute ere, SuperDisk 240a da diskete zaharrak irakurtzeko gai den ordezko bakarra eta, beraz, pentsatzekoa zen hura izango zela ordezko zuzena. Baina merkatuaren norabidea aldatu eta ez da horrela suertatu. Irakurgailu berria ohiko irakurgailua baino 22 aldiz informazio gehiago grabatzeko gai da. Horrela, 1,44 Mb bakarrik graba zitezkeen disketean 32 Mb graba daitezke.

Gaitasun hori informazioa konprimitzeko ahalmenari zor dio. SuperDisk-aren aurrekoek ere jadanik bazuten gaitasun hori, baina argi dago ez dela salmentetan lehen postuak lortzeko bezain argumentu ona. Ez behintzat bere geldotasuna justifikatzeko adinakoa.

Zip 100ak eta 250ak 10 Mb bost segundoan grabatzen dituzten bitartean, SuperDisk-ak hamar aldiz denbora gehiago behar du. Eta diskete batean 32 Mb grabatzeko gaitasuna duela egia bada ere, 10 Mb grabatzeko hiru minutu behar ditu!

Ez da harritzekoa, beraz, abiadura salmenta onak lortzeko argumentu nagusia den garai hauetan, konprimitzeko gaitasunak arrakastarik ez izatea.

Aldaketa berriak ikusmiran

Diskete zaharrak aspaldi eman zituen eman beharrekoak, eta bere ordezko batzuek arrakasta handia izan badute ere, horiei ere laster helduko zaie erretiratzeko ordua. Jadanik ezagunak dira informatikaren alor horretan iraultza berria sortuko duten nobedadeen izenak: DataPlay da horietako bat.

DataPlay minidisketeak eta dagozkion grabagailu/irakurgailua joan den urtarrilean aurkeztu zituzten Las Vegas-eko Consumer Electronic Show erakusketan. Merkatuan, urteko lehen hiruhilabetekoan izango dira. Berrikuntza nagusia, izenak berak dioen bezala disketearen tamaina da. Disketea ur botila baten neurria baino pixka bat handixeagoa besterik ez da.

DataPlay-a edukiera handiko minidisko bat da eta ordenagailuetako periferietan erabil daiteke, besteak beste, argazki- eta bideo-kamera digitaletan. DataPlay-ak bi bertsio izango ditu; 5 euro balioko duen 250 Mb-ko kapazitatekoa eta 12 eurotan salduko den 500 Mb-koa. Informatikaren mugetatik oraindik oso urrun gaudela, behintzat, argi eta garbi dago.

Zip 100Zip 250SuperDiskaDisketeaCD-ROMaBiltegi edukiera100 Mb250 Mb240 Mb1,44 Mb650- 800 MbEuskarriaren batezbesteko prezioa13,50 E18,10 E15 E0,38 E1,07 EIrakurgailuak ezagutzen dituen beste euskarriakbatere ezZip 100disketea, LS 120batere ezbatere ezBateragarritasunaPC eta MacPC eta MacPC eta MacPCPC eta MacGrabatzeko abiadura2 Mb/s2 Mb/s0,2 Mb/s


Zabalik-en argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia