Distilbene: sendatu behar zituen gaixotasunak eragin zituen botika
2002/11/24 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Frantziar estatuan 1978a baino lehen jaio bazinen, adi! 1950-1977 bitartean, abortu-arriskurik ez izateko emakumeei Distilbene® botika hartzeko agintzen zieten. Baina, eraginkorra ez izateaz gain, botika horren eraginpean jaio ziren haurrak orain ari dira ondorioak pairatzen. Besteak beste, ugalkortasun-arazo handiak dituzte, tartean abortu asko.
Larria da botika bat inongo kontrol-neurri ofizialik gabe (Bio Back botika, kasu) merkatuan aurkitzea. Baina are larriagoa da, proba guztiak gainditu eta sendagilearen errezetarekin hartu ostean, hainbat urtera, osasunerako oso botika kaltegarria dela jakitea. Bayer enpresak iaz merkatutik kendu zuen kolesterolaren aurkako Lipobay botika oraindik gogoan dugu. Zoritxarrez, horrelako kasu gehiago dago: 1977an debekatu zen arren, orain ari dira Dislibene botikaren ondorioak agertzen Frantzia estatuan.
Zer da Distilbene®?
Frantziar estatuan Distilbene® izenarekin komertzializatu zen botika dietilestilbestrol edo DES hormona sintetikoa da. Molekula hori Charles Dodds britainiarrak sintetizatu zuen 1938an eta, estrogeno hormona naturala baino bi aldiz eraginkorragoa zelakoan, 1947an komertzializatu zen lehen aldiz. Haurdun zeuden emazteei errezetatzen zitzaien nahi gabeko aborturik ez izateko, haurra goizegi ez jaiotzeko eta haurdunaldiko odoljarioak tratatzeko asmoz.
Botikak nola eragin behar zuen eta hutsegitea non egin zen ulertzea erraza da. Haurdunaldiaren hasieratik emakumeak areagotu egiten du hormonen ekoizpena. Horrela, haurdunaldiaren hasieran estrogeno hormonaren maila igo egiten da, baldin eta aborturik gertatzen ez bada behintzat. Kasu horretan, ez da haurdunaldi normalean bezalako igoerarik izaten. Hori ikusirik, ikertzaileek haurdunaldian estrogenoa injektatzeak ondorio onak izango zituela ondorioztatu zuten. Baina lasterregi ateratako ondorioak izan ziren. Estrogeno-maila gutxitzea abortuaren ondorio da, eta ez eragile! Hutsegite larri hori tarteko sortu zen eraginkorra ez izateaz gain kaltegarria ere suertatu den botika.
Debekua 70eko hamarkadan, eta ondorioak orain
33 urte behar izan ziren botika ez zela eraginkorra frogatzeko. Baina ez hori bakarrik! Botikaren eraginpean jaiotako haurreni ugalkortasun-arazo larriak eragin dizkiela ere frogatu da. Hain zuzen ere, 1970eko hamarkadan erabat debekatu bazen ere, botikaren eraginpean jaio ziren haur neskak ama izateko adinera heltzearekin nabaritu dira ondorio tamalgarriak.
Estatu Batuetan eta Kanadan debekatu zuten botika lehenik, 1970ean. Frantzian, 1968 eta 1971 urte bitartean hartu omen zen gehien eta Estatu Batuetan baino zazpi urte beranduago arte jarraitu zuten ginekologoek errezetatzen. Osasun Ministerioak debekatu eta 12 urtera (1989) argitaratu zuen sendagileei zuzendutako lehen informazio-orria.
Baina ordurako milioika emakumeri egina zegoen kaltea. Estatu Batuetan, 1950 eta 1971 artean, 4-6 milioi emakumek hartu zuten. Europara 50eko hamarkadan iritsi zen eta gehienbat Frantziar estatuan eta Herbehereetan errezetatu zen. Frantzian, Distilbeneren eraginpean 160.000 haur jaio direla kalkulatzen da, horietatik erdiak neskak.
Munduan 300 laborategi baino gehiagok ekoitzi zuten DES hormona sintetikoa eta beste hainbeste izenekin saldu zen. Laborategi batetik bestera aldatzen zen gauza bakarra dosia zen. Ikerketa batzuek erakutsi dutenez, dosi batzuk ikaragarriak izan ziren: DESak 55.000 pilula antisorgailu adina estrogeno omen zuen!
Osatu behar zituen arazoak eragiten ditu
DES hormona sintetikoaren eraginpean jaio ziren mutikoengan, botikak ez du eraginik izan ez ugalkortasunean ezta minbizien sorreran ere. Bestelakoa da, zoritxarrez, botikaren eraginpean jaio ziren nesken kasua.
Emakumezkoengan DESak batik bat anomalia anatomikoak eta ugalkortasun-arazoak sortu ditu. Anomalia genitalen ondorioz, gaur egun haurrak izateko adinean dauden neska horiek zailtasun handiak dituzte haurdun gelditu eta, batez ere, haurdunaldia aurrera eramateko. Tamalgarria bada ere, abortuak saihesteko diseinatu zen botikak abortuak eragiten ditu.
Gainera, emakumezko horiek, menopausia garaian, baginako minbizia izateko arriskua dute. Horregatik, bizi osoan zehar, ginekologoarengana urtero joatea eta arazo horiei hurbiletik jarraitzea aholkatzen diete DESaren eraginpean jaio ziren emakumezkoei.
Distilbene® botika hartu zuten amen haur denek ez dute ugalkortasun-arazorik, baina, bai nesken % 20-35ak. Horregatik, Frantzia estatuan 1978 baino lehenago jaio ziren haurrei, batez ere neskei, beren amek botika hori hartu ote zuten jakitea komeni zaiela esaten diete.
Distilbeneren ondorioak pairatzen ari diren emakumeek sortutako elkarteek (http://www.DES-france.org) salatu dutenez, biktima gehienak oraindik ez dira beren arazoaz jabetzen eta, gainera, sendagile askok ez dute afera honi buruzko aski informazio. Arazoak hain izan du oihartzun handia Frantziar estatuan, non 30 urte inguruko emakumezkoen belaunaldia ‘Distilbeneren belaunaldia’ bezala ezagutzen den.
Gaur egun, prostatako minbizia sendatzeko soilik errezetatzen da Distilbene®.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia