Dmitri Mendeleiev, elementuen iragarlea
2011/03/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Maria Dmitrievna Mendeleieva-k argi zuen bere 14 seme-alabetan gazteenak, Dmitri-k, unibertsitate-ikasketak egingo zituela. Ez zen erraza izan. Dmitri-k 14 urte zituela, familiaren diru-iturri bakarra zen kristal-fabrika erre egin zen, eta hilabete batzuetara alargun gelditu zen Maria. Semearen ikasketak ordaintzeko aurrezten ari zen diru-apurra hartu, eta Tobolsk-etik (Siberia) Moskura eraman zuen semea, 2.000 km-ko bidaian.
Moskuko unibertsitatean ez zuten kanpoko ikaslerik onartzen, ordea, eta bidaiatzen jarraitu behar izan zuten, St. Petersburgeraino. Han ere oztopo berarekin egin zuten topo. Baina, zorionez, Dmitrien aitaren lagun bat aurkitu zuten, Pedagogia Institutuan lanean; eta, hari esker, Dmitrik zentro hartan ikasteko beka bat lortu zuen. Oso denbora gutxira hil zen ama.
Handik urte batzuetara, Dimitri Mendeleiev-ek amaren esfortzua ekarriko zuen gogora, bere liburu batean: "Ikerketa hau ama baten oroimenari eskaintzen dio haren seme gazteenak. Fabrika bat zuzenduz, semeari heziketa eman ahal izan zion, soilik bere lanari esker. Eredu izanez irakatsi zion, maitasunez zuzendu, eta semea zientziaren bidean jartzeko, Siberia utzi zuen, bere azken baliabideak eta indarrak horretan gastatuz".
Eta Mendeleievek aurrera egin zuen zientziaren bidean. 1856an bukatu zituen ikasketak, eta irakasle-postu bat lortu zuen. Gero, zientzia-trebakuntza hobetzeko, bi urtez atzerrira joateko beka bat eman zioten. Europa osoko dozena bat unibertsitate bisitatu ondoren, Heidelbergen gelditzea erabaki zuen, Bunsen, Erlenmeyer eta Kirchhoff doktoreekin lanean. Hala ere, Bunsenen laborategian berak behar zuen doitasuneko ekipamendurik ez zegoela ikusita, laborategi berri bat egin zuen bere apartamentuan.
Heidelbergeko egonaldia luzatzen saiatu bazen ere, ez zuen horretarako baimenik lortu, eta St. Petersburgera bueltatu behar izan zuen 1861ean. Irakasle-lanean hasi zen berriz ere, Teknologia Institutuan lehenengo, eta, 1865etik aurrera, unibertsitatean. Han, irakasleentzako testu-liburu egokirik ez zegoela ikusita, berak idaztea erabaki zuen. Eta hala argitaratu zuen 1869an Osnovy Khimi i (Kimikaren oinarriak). Garai hartako kimika-libururik onenetako bat zen, eta laster itzuli zuten alemanera, ingelesera eta frantsesera. Liburu hartantxe argitaratu zuen Mendeleievek zientziari egin zion ekarpen handiena: taula periodikoa.
Lehendik, beste zientzialari batzuek (Chancourtois-ek eta Newlands-ek, esaterako) proposatu zuten elementu kimikoak pisu atomikoaren arabera ordenatuz gero elementuen propietateetan nolabaiteko periodikotasuna lortzen zela. Baina elementu gutxi batzuekin baino ez zen lortzen hori, eta inork ez zuen arrakastarik izan. Mendeleievek ere urteak zeramatzan elementu kimikoetan ordenaren bat bilatu nahian. Eta, azkenean, pisu atomikoaren arabera ordenatu zituen hark ere; baina pauso bat gehiago eman zuen: elementuen propietateen periodikotasuna betetzeko, hutsuneak sartu zituen taulan, arrazoituz toki haiek oraindik deskubritu gabeko elementuenak izan zitezkeela. Hala, aluminioaren azpian gelditutako hutsuneei eka-aluminio eta dvi-aluminio deitu zien (sanskritoz, eka=1 eta dvi=2), silizearen azpikoari, eka-silizio, eta abar. Horrela lortu zuen garai hartan ezagutzen ziren 63 elementuak taula batean ordenatzea. Taula hartan zutabe berean zeuden elementuek antzeko propietateak zituzten.
Gainera, hainbesteko garrantzia eman zien elementuen propietateei, ezen dozena bat elementuren pisu atomikoak gaizki kalkulatuta zeudela proposatu baitzuen; eta arrazoi zuen. Areago, taula harekin oraindik ezagutzen ez ziren elementuen propietateak iragarri ere egin zituen. Eka-aluminioa, esaterako, zilar-kolorekoa izango zen, 6 g/cm 3 -ko dentsitatea izango zuen, eta, pisu atomikoa, 68.
Hasieran, Mendeleieven taulako hutsuneek eta iragarpenek burlak eta barreak eragin zituzten. Baina, 1875ean Lecoq de Boisbaudran kimikari frantziarrak galio deitu zion metal berri bat aurkitu zuen. Eta haren propietateen berri izan zuenean, Mendeleievek metal hura bere eka-aluminioa zela adierazi zuen. Ez hori bakarrik, Boisbaudranek kalkulatutako dentsitatea (4,9 g/cm 3 ) okerra zela iradoki zuen. Boisbaudranek berriz egin zuen neurketa, metala hobeto purifikatuta, eta zur eta lur gelditu zen: Mendeleievek arrazoi zuen!
Hurrengo hamar urteetan eka-boroa eta eka-silizioa ere aurkitu ziren (eskandioa eta germanioa); eta Mendeleievek iragarritako beste elementu batzuk aurkitzeko beste 50 urte beharko ziren. Baina betetako iragarpen haiekin, zientzialariak konturatu ziren Mendeleieven taula elementuen ordenatze arbitrario bat baino zerbait gehiago zela; taula hura errealitatearen isla zen.
Mendeleieven ospea hazi egin zen. Garaiko hizlaririk entzutetsuenetako bat izan zen, eta baita Errusiako gobernuaren aholkulari ere. Bere herrialdearen teknologiak aurreratzeko hainbat ikerketa egin zituen, nekazaritzarako eta industriarako hainbat hobekuntza proposatuz. Eta bere jakintza ahal zuen guztiei irakastea gustuko zuen. Trenez bidaiatzen zuenean, 3. klasean joaten zen, nekazariekin hitz egin ahal izateko. Mendeleieven inguruan biltzen omen ziren nekazariak, haren lezioak entzuteko.
Unibertsitateko irakasle-lana ere maite zuen. Eta ikasleengandik oso gertu egon zen beti. Behin, ikasleen protesta batean haien alde egin zuelako, unibertsitatetik bota zuten. Poliziak, klasea ematen ari zela atxilotu zuen, ikasleak matxinadara bultzatzen ari zela leporatuta. Hala ere, laster bueltatu zen unibertsitatera.
Ospetsua izan zen, bai, baina ez zioten Nobelik eman. 1905ean izendatu zuten, baina saria Bayer-i eman zioten. 1906an berriz izendatu zuten, baina Moissanek irabazi zuen, boto bakarraren aldearekin. Eta hirugarrenez ere izendatu zuten, 1907ko urtarrilaren 31n. Beranduegi zen. Otsailaren 2an hil zen.
Hiletako prozesioan kaleak lepo zeuden, eta prozesioaren buruan Mendeleeven ikasleak, eskuetan taula periodikoak hartuta.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia