DNA, babeserako sareen osagai
2006/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Informazio genetikoaren gordailu izateagatik da ezaguna DNA. Ez da hori, ordea, DNAren funtzio bakarra, immunitate-sisteman ere parte hartzen baitu. Azkenaldian, ikertzaileak pausoak ematen ari dira parte-hartze hori ulertzeko.
2004an, Max Planck Institutuko ikertzaileek lan bat argitaratu zuten Science aldizkarian. Gorputza mikroorganismo patogenoetatik babesteko, ordura arte ezagutzen ez zen mekanismo bat erabiltzen zutela neutrofiloek azaldu zuten artikuluan. Neutrofiloak immunitate-sistemaren zelula espezializatuak dira, eta, ikertzaileek frogatu zutenez, gai dira erasotzaileak harrapatzeko sareak jaurtitzeko. Sare horiek DNAz eta proteinaz daude eginda.
Iaz, berriz, Minnesotako Unibertsitateko ikertzaileek ikusi zuten ernalketan neutrofiloek beren DNA erabiltzen dutela esperman dauden mikroorganismoak harrapatzeko. Espermatozoideak ere harrapatzen ditu, baina horiek DNA suntsitzen duen entzima bat dute, eta, beraz, saretik askatu egiten dira. Ustez, DNA gehiegi izateagatik gertatzen dira hainbat antzutasun-kasu.
Ikertzaileek galdera asko dituzte oraindik erantzuteko. Besteak beste, jakin nahi dute nola ateratzen den nukleotik eta ea gaixotasun autoimmuneekin erlaziorik ba ote duen.