}

DNAz egindako sareak, babeserako

2006/04/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Molekula gutxi izango dira DNA baino ezagunagoak. Informazio genetikoaren gordailu izateagatik da ospetsua. Areago, batzuen ustez, hark gordetzen ditu oinarrizko galderen erantzunak: nor gara, zergatik gara horrelakoak... liburu sakratu bat balitz bezala. Baina paperezko musuzapi bat ere izan daiteke. Izan ere, bestelako funtzioak ere baditu, ez agian hain sakratuak, baina bai garrantzitsuak. Hain justu, immunitate-sisteman parte hartzen du.
Batzuentzat, DNA liburu sakratu baten modukoa da.

Gorputzak etengabe jasaten ditu erasoak, kanpoko zein barruko eragileen aldetik, eta horiei aurre egiteaz arduratzen da immunitate-sistema . Horretarako, hainbat mekanismoz eta estrategiaz baliatzen da. Besteak beste, zelula espezializatuak ditu erasotzaileak harrapatzeko eta suntsitzeko, eta horien artean daude neutrofiloak.

Neutrofiloak bi eratara borrokatzen dira gorputzera sartzen diren bakterioen aurka: batetik, haien kontrako substantzia toxikoak askatzen dituzte inguruan, baina, batez ere, bakterioak fagozitatzen dituzte. Hau da, bakterio patogenoak inguratu, barneratu eta digeritu egiten dituzte. Nolabait esateko, etsaia jan, irentsi, egiten dute.

DNA-sarea

Neutrofiloek nukleo barruko DNA jaurtitzen dute, erasotzaileen aurka borrokatzeko.
Max Planck Institutua

Ez da hori guztia, ordea. 2004an, neutrofiloek beste mekanismo bat ere erabiltzen dutela ikusi zuten Max Planck Institutu ko ikertzaileek. Ordura arte beste inor ez zen horretaz konturatu, eta ikertzaileek harriduraz hartu zuten hasieran. Hain zuzen ere, neutrofiloek erasotzaileak harrapatzeko sareak jaurtitzen dituztela frogatu zuten. Eta sare horiek DNAz eta proteinaz daude eginda. Zehazki, neutrofiloek euren nukleoko DNA erabiltzen dute sare horiek ehuntzeko.

Ikertzaileak lehen ere ohartu ziren DNA-hariak egoten zirela laborategian ibiltzen zituzten laginetan, baina uste zuten zelulak haustean ateratzen zela. Ez zuten susmatu ere egiten zelulak berak jaurtitzen duela bere DNA. Ikerketan sakonduta, ikusi zuten DNA-sareak benetan eraginkorrak direla mikroorganismoak suntsitzeko garaian.

DNA molekulak ez du mikroorganismoen aurkako berezko jarduerarik; haren ezaugarri fisikoek ematen diote babeserako gaitasuna, ez baititu alperrik osatzen bi metroko sare likatsuak. Horretaz gain, proteina batzuk ere tartekatzen dira sarean. Histonak dira.

Histonak DNArekin batera egoten dira zelulen nukleoan, eta horiei esker hartzen du DNAk kromosoma-itxura. Baina ez du hori bakarrik egiten; DNAk ez bezala, histonek badute ahalmen mikrobizida.

Bestalde, neutrofiloek askatzen dituzten gai toxikoei hedatzea eragozteko ere balio du DNAk osatzen duen sareak. Gai horiek mikroorganismoen aurka askatzen baditu ere, gorputzeko zelulei ere egiten diete kalte, eta, beraz, komeni da gehiegi ez hedatzea.

Ikertzen jarraitu behar

DNA-sareak bakterioak harrapatzen ditu.
(Argazkia: Max Planck Institutua)

Iaz, berriz, Minnesotako Unibertsitate ko ikertzaileek ikusi zuten ernalketan neutrofiloek beren DNA erabiltzen dutela esperman dauden mikroorganismoak harrapatzeko. Espermatozoideak ere harrapatzen ditu, baina horiek DNA suntsitzen duen entzima bat dute, eta, beraz, askatu egiten dira saretik. Ustez, DNA gehiegi izateagatik gertatzen dira hainbat antzutasun-kasu.

Ikertzaileek galdera asko dituzte oraindik erantzuteko. Besteak beste, jakin nahi dute nola ateratzen den nukleotik eta ea gaixotasun autoimmuneekin erlaziorik ba ote duen. Eta, pauso bat haratago joanda, hainbat gaitz sendatzeko erabil ote daitekeen aztertzen hasiak dira.

7K-n argitaratua.