Domotika, fikzioa zirudien errealitatea
2001/10/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gaur egungo etxebizitzetan sistema automatiko ugari daude, seguruago bizi ahal izateko, erosoago edo/eta energia aurrezteko.Sistema horiek 1980ko hamarkadan garatu ziren, industrian gertatu zen automatizazioaren ondorioz.
Sistema automatiko horietako asko ezagun-ezagunak dira dagoeneko. Energia kudeatzeko sistemak, adibidez, etxebizitza askotan aurki daitezke. Sinpleenak termostatoak dira, aurrez programatutako tenperaturara heltzean, berokuntzako erradiadorea edo ura berotzeko galdara deskonektatu egiten duten tresnak.
Tenporizadoreak eta programagailuak ere etxebizitza askotan daude. Horrelakoak dira, esate baterako, berogailua norbera etxera iritsi baino ordubete lehenago pizteko edo norberak nahi duenean itzaltzeko tresnak, eta argiak ordu jakin batean pizteko edo itzaltzeko tresnak. Horiek bezala, segurtasunaren alorreko automatismoek garrantzi handia hartu dute, esate baterako, lapurretaren kontrako alarmak, sua dagoela edo gasak edo urak ihes egiten duela detektatzen duten gailuak eta abar. Automatizazio sistema gehiago badago: ateak irekitzeko urrutiko aginteak, erantzungailu automatikoak, energia aurrezteko metagailu elektrikoak…
Beraz, argi dago bere garaian sistemen automatizazioak etxebizitzetan erosoago eta seguruago bizi ahal izatea ekarri zutela. Baina, garapena ez zen horretara mugatu, gerora domotika iritsi baitzen. Joan den hamarkadako hitz berrietariko bat.
Domotika, labur esanda, automatizazio-funtzioak sistema bakar batean biltzea da. Integrazio horrek badu hainbat abantaila: instalazio bakarra behar da, erabiltzaileak sistema bakar baten funtzionamendua ikasi behar du, erabiltzaileak enpresa batekin eta laguntza teknikoko sistema batekin izango ditu harremanak eta, garrantzizkoena, sistema guztiak integratuta egonik zerbitzua optimizatuagoa izango da; adibidez, lapurretaren kontrako sistema martxan jartzen denean, sistema domotikoak etxea hutsik gelditu dela ulertu eta tenperatura gradu batzuk jaitsaraz dezake, aldi berean energia aurreztuz.
Euskal Herrian bada sare domotikoen sistema atera duen enpresa bat baino gehiago. Fagor-ek adibidez, Arrasateko Ikerlan ikerketa-zentroarekin batera, aspalditik dihardu arlo hori jorratzen. Lan horren emaitza, Fagor Sare Domotikoa izan da. Sare horretan etxetresna elektriko, berogailu, segurtasun- eta komunikazio-tresnak integratu dira.
Sistemaren muina Maior-domoa da, eta telefonoaren bidez etxeko aparatuak kontrolatzen eta monitorizatzen ditu. Aginduak emateko, Maior-domoak etxeko instalazio elektrikoa erabiltzen du; hortaz, ez dago instalazio berria egin beharrik. Sistema guztiz modularra da, hau da, erabiltzaileak aukeratzen ditu sare domotikoan sartu nahi dituen aparatuak eta aplikazioak. Sarean elementuren bat sartu edo saretik atera erabiltzaileak berak egin dezakeen lana da, erraz programatzen baita. Izan ere, bulegoetan eta lantegietan mantentze-lanaz eta instalazioaz arduratzen den jendea egoten da, baina etxeetan ez.
Etorkizunean emango diren abantaila teknologikoak sistema domotikoaren onurarako izango dira.
Horrela, CENELEC erakundeak —instalazio elektrikoen kalitatea arautzen duen Europako erakundea— araudi berri batzuk aterako ditu etxeetako sare elektrikoaren bidez egin daitekeen komunikazioaren kalitatea hobetzeko. Neurri horiek urte-bukaeran jarriko dira indarrean.
Instalazio domotikoak hobetzeko ikerketan ari direnek, sare elektrikoa optimizatzeaz gain, badute beste ikerketa-lerro bat ere: irrati bidezko komunikazioak. Horrelako sistemak aspalditik ezagutzen dira: haririk gabeko entzungailuak edo garajeko ateak irekitzeko ohiko aginte-tresnek, adibidez, irrati bidezko komunikazioa erabiltzen dute. Komunikazio mota hori merkea da, baina horrelakoek irrati-maiztasun bera erabiltzen dutenez, interferentzia ugari sortzen dira.
Eragozpen horiek konpondu nahian, hainbat ekimen sortu dira, garrantzizkoenetariko bat maiztasun-banda berria ezarri duen araudia. Horren ondorioz, 868 Mhz-eko maiztasun banda atera dute, eta horren barruan hainbat azpibanda. Horietako bakoitza aplikazio mota bakoitzarentzat izango da. Esate baterako, soinu-aplikazioak azpibanda batetik joango dira, segurtasun-aplikazioak beste batetik eta abar. Horrela, gutxienez, aplikazioen arteko lehiakortasuna murriztu egingo da. Eta araudi horrek, gainera, azpibanda horiek erabiltzeko denbora mugatu egiten dio aplikazio bakoitzari.
Bluetooth-ek, irrati-teknologia berriak, domotikan izan dezakeen eraginean ere, itxaropen handia dute adituek. Labur esanda, Bluetooth teknologiak kable bidez konektatzen den guztia kablerik erabili gabe konektatzeko aukera ematen du. Baina ez da horretara mugatzen. Teknologia hori ez da soilik sagua, inprimagailua edo beste zerbait ordenagailuarekin konektatzeko, zerikusi zuzenik ez duten dispositiboak konektatu eta automatikoki sinkronizatzeko aukera sortzen du eta. Horrela, esate baterako, telefono mugikorra ateak irekitzeko erabil daiteke, etxetresna elektronikoekin konektatzeko, telefonotik ordenagailura dokumentuak eramateko, kontagailuak irakurtzeko...
1994. urtean haririk gabeko teknologia berri baten beharra ikusi zuten telefono mugikorren eta ordenagailuen fabrikatzaileek. Baina azken urteotan telefono mugikorren merkatua asko moteldu da, gailu elektroniko gutxiago egiten ari dira eta gailu horiek ez dira nabarmen merkatzen ari, eta ondorioz, teknologia bera ere ez da merkatu. Bluetooth teknologia hasieran uste zena baino mantsoago doa.
Dena den, domotika hedatzeko oso garrantzitsua da marka ezberdinetako sistemek elkarri ulertzea. Sarri etxeetan egoten diren etxetresna elektrikoak ez dira marka berekoak izaten, garbigailua etxe batekoa izan daiteke eta hozkailua beste batekoa. Bateraezinak direnez, horrelakoetan ezin da instalazio domotiko bakarra jarri. Beraz, kontsumitzaileari bi aukera baino ez zaizkio geratzen: bata, marka jakin baten morroi bihurtu; bestea, instalazio domotikorik ez jarri. Domotikak estandarizatu beharra du, gailu guztien arteko hizkuntza bateratu beharra. Estandarizazio-maila horretara iristea lortzen badu eta telekomunikazioen garapena aurreikusten dena bada, hemendik urte batzuetara etxe domotikoak gaur egun direnak baino askoz ere ugariagoak izango dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia