}

Doñana arrisku larrian dagoela ohartarazi dute zientzialariek

2023/04/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

donana-arrisku-larrian-dagoela-ohartarazi-dute-zie
Laguna del Moral urmaelaren bilakera. Gaur egun, eremu lehorretako landarediak hartu du lehen urez beteta zegoen azalera. Arg. EBD-CSIC

Doñanako Estazio Biologikoak argitaratu duen azken ikerketaren arabera, Doñanako urmael-sistemaren % 59,2 galdu da, 1985-2018 urteen artean. Neurri batean, euri-gabeziaren eta tenperaturaren igoeraren ondorioz desagertu dira, baina giza jarduerak ere eragin zuzena izan duela frogatu dute: landaketak, eraikuntza, golf-zelaia, ur-erauzketak… 

Eloy Revilla Sanchez estazio biologikoaren zuzendaria ikerketa horretan oinarritu da,  egoeraren berri emateko Doñanako parte-hartze kontseiluan. Hain zuzen, bilera berezia egin dute, Andaluziako parlamentuan aurkeztu den ureztatze-planak Doñanan izango duen eragina aztertzeko. Revillak gogorarazi du Europako Justizia Epaitegiak Espainia zigortu duela, Doñana babesteko araudiak ez errespetatzeagatik eta ura erauzteagatik, landaketak ureztatzeko eta eremu urbanizatua urez hornitzeko.

Datuek ez dute zalantzarako tarterik uzten: Doñana egoera kritikoan dago. Horren adierazgarri, udan lehortzen ez ziren hiru urmael handi bakarrak jada ez dira iraunkorrak; adibidez, El Sopetón eta La Dulce orain sarri lehortzen dira. Handiena ere, Santa Olalla, egoera kritikoan dago 2012tik.

Urmaelen bilakerari jarraipena egiteko, Landsat sateliteak hartutako 442 irudi aztertu dituzte, eta animalietan eta landareetan bilakaera horrek dituen ondorioak ere ikertu dituzte. Esate baterako, ikusi dute anfibioen dibertsitatea ia erdira jaitsi dela 2003tik 2021era: kilometro karratuko 4,3 espeziekoa izatetik, 2,5ekoa izatera igaro da. Bestalde, Iberiar penintsulako bi galapago-espezie autoktonoak (biak ere Europako espezie mehatxatuen zerrenda gorrian daude) egoera kezkagarrian daude, baita sorgin-orratzak eta txitxi-burruntziak ere. Arrainak eta aingirak ere hiltzen ari dira; eta landare akuatiko batzuk ere desagertzeko arriskuan daude.

Bestelako habitatei ere nabaritzen zaie ur-falta. Babestutako eremuaren barruan, ehunka urte dituzten artelatzen % 8,3 hil da 2010etik, eta % 10 oso gaizki daude.

Aurrera begira, ohikoa zena baino euri gutxiago egingo duela aurreikusten dute. Hala eta guztiz ere, ur-eskaera handizen ari da, urtez urte. Argi hitz egin du Revillak: “Akuiferoaren egungo ustiapena ez da jasangarria. Prezipitazioa aldakorra da, eta txikitzen ari da, eta haren bidez berritzen dena baino ur gehiago ari da ateratzen. Beraz, baliabide natural hori agortzen ari da”. Ureztatzea eta ur-erauzketak kontrolatzeko borondate politikoa falta dela ere salatu du.

Egoerari aurre egiteko, zenbait proposamen egin ditu; hasteko, hainbeste ur erauzteari uztea, Doñanako ekosistemak bere onera etorri ahal izateko. Egoeraren ebaluazio-sistema eta gobernantza-eredua berritzea ere iradoki du, eta inguruko jarduera sozioekonomikoaren azterketa egitea, bestelako irtenbide ekonomikoak aurkitzeko. Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak berak eta beste erakunde eta zentroetako zientzialari ugarik bat egin dute Revillaren ikuspegiarekin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia