Donna zikoina, elektrokutatuta
2005/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Satelitetik egindako jarraipenen errekorra zeukan; 2.033 egunez jarraitu zioten Donna izeneko zikoinari bizkarrean finkatutako igorgailu baten bitartez. Zikoina zuria zen (Ciconia ciconia), eta ugaltzeko adinean zegoen hil zenean.
Belgikan martxan jarritako "Mugarik gabeko zikoinak" kanpainaren parte zen Donna. 1999an jarri zioten igorgailua, eta, harrezkero, hegaztiaren nondik norakoak aztertu dituzte biologoek. Horri esker dakite 2004an saiatu zela ugaltzen, Bretainian, baina ez zuela lortu. Bestalde, haren bizitzako azken egunen berri ere izan dute teknika horren bitartez.
2005eko otsailaren 11n abiatu zela Sevillatik, hamar egunez egon zela Madril inguruan, eta martxoaren 4an Bretainiako Calvados-era iritsi zela, aurreko urteko toki berera, hain zuzen ere. Baina biharamunean hilda aurkitu zuten, Sena ibaiaren estuariotik gertu. Egunez eguneko jarraipena egin diote, bai, baina ez dute modurik izan Donnaren heriotza saihesteko. Goi-tentsioko kableak jo eta bertan hil zen animalia, elektrizitate-deskarga baten ondorioz.
Goi-tentsioko kableek arrisku handia ekartzen dute hegaztientzat, baina arazo hori konpon daiteke biologoen ustez. Doñana natur parkean, adibidez, lurperatu egin zituzten kableak, eta horrek berehala urritu zuen hildako hegaztien kopurua.