Droneak guda-zelaitik ikasgelara
2014/02/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bidasoa-Irungo Lanbide Heziketako obra zibileko zikloan duela hiru urte eskuratu zuten drone bat, eta geroztik lanean ari dira gailu hegalariarekin. "Argazkien bidez fotogrametria-lanak egiteko erabiltzen dugu dronea --Dani Tenarenak dira hitzak, zikloko irakasleetako batenak--. Lurraren hiru dimentsioko informazioa lortzea bilatzen dugu, lurraren planimetria eta altimetria islatuko duten mapak egiteko. Lurrarenak edo objektu batenak. Izan ere, fotogrametriaz hitz egitean, nik modu berean isla ditzaket Jaizkibel mendia edo, adibidez, Hondarribiko eliza. Nik irudika dezakedan objektu bat da azkenean".
Denbora-pasarako edo helburu estetiko hutsak dituzten lanak egiteko, dronea eskuz gida daiteke, joystic baten bidez eta gailua begi bistan dagoela. Bestelako lan teknikoak egiteko, ordea, modu programatuan gidatzen dira. Ordenagailuan hegaldiaren programazioa egiten da, igaro beharreko puntu batzuk zehazten dira, waypoints puntuak, eta puntu horietan zer egin behar duen esaten zaio.
Fotogrametria lanak egiteko, adibidez, droneak lurraren argazkiak egiten ditu, modu lerrokatuan, bilatu nahi den helburuaren eta agindu zaion ibilbidearen arabera. Argazkietako bakoitza ondokoari gainezartzen zaio, aurrekoaren % 60-70 estaliz luzeran eta % 30-40 zabaleran.
Hainbat ekuazioren bidez posible da jakitea argazkietako bakoitza zein unetan atera den, eta atera den unean kamera non zegoen. Informazio horrekin lurrazaleko objektu guztien posizioa zehazten da. "Hegaldia prestatzen dugunean, zera esaten diogu droneari: hondartzaren gainean hegan egin ezazu, eta argazkiak egin itzazu, % 70 eta % 40 gainezarrita. Horrela programatzen dugunean, softwareak berak erabakitzen du guk jarritako baldintzak betetzeko zenbat argazki eta zein posiziotan egin behar dituen. Emaitza, puntuz osatutako laino bat da".
Dani Tenaren arabera, zikloan zehar, ikasleek dronea hegan jartzen duen softwarea programatzen ikasteko gaitasuna hartu behar dute. "Ez hori bakarrik, hegaldia programatzen ere ikasi behar dute eta, gero, gailuak lurra hartu ondoren, argazkiak nola eskuratu ikasi behar dute, eta baita fotogrametria-softwarea erabiltzen eta hiru dimentsioko mapak egiten".
Topografiaren ordezko
Droneen bidezko fotogrametria topografia klasikoaren oinordekotzat dute eskolan, batez ere denboraren eta kostuaren ikuspegitik. "Lurraren laginketa egitera doanean, topografoak puntuz puntuko datuak hartu behar izaten ditu. 3.000-5.000 puntu hartu ahal izateko, metodo klasikoak erabiliz topografo batek astebete pasa dezake lanean. Guk goiz edo arratsalde batean hegaldia egin, datuak ordenagailura ekarri, eta 20 minutuan 1.000.000 puntu sortzen ditugu. Beharbada gure puntuen kalitatea ez da hain ona izango, baina kopuruak ordezkatzen du gabezia hori".
Droneek lortutako irudien bidez sortzen diren planoetan lurrazalean dagoen oro agertzen da: arrapalak, zuhaixkak, hesiak, eskailerak, eserlekuak... Eta eredu horietatik ortofotoak ere lortzen dituzte, hau da, lurrazalaren argazkien bidezko irudikapenak, agertzen diren elementu guztiak eskala berean jarrita, perspektiba akatsik gabeak. Ortofotoetan, beraz, neurketa zehatzak egin ahal izango dira, kartografian erabiltzen diren ohiko planoekin bezala. "Etorkizuna da. Topografia eta kartografia denboran zehar aldatu egin dira, fase ugari pasa dituzte, eta hau bat gehiago da. Ez luke zentzurik izango ikasleei duela 10 urte erabiltzen ziren tresnak erabiltzen irakastea soilik", dio Tenak.
Dronea-fotogrametria bikotearentzat aplikazio gehiago ere aurreikusten dira: eraikinen modelizazioa, birgaitze-lanak, arkeologiako indusketak nahi beste bider lanen eboluzioa ikusi ahal izateko, harrobien egoera, instalazio elektrikoen kontrola eta abar. Jartzen zaion sentsorearen araberako lana egingo du droneak. "Gailu hegalariak badu bere garrantzia, baina gailua ez da garrantzitsuena, baizik eta ezarriko zaion sentsorea. Kamera arrunta jartzen badiot, argazki arruntak egingo ditu, bideo-kamerarekin bideo-irudiak, arma bat jarrita... ezarriko diogunaren araberako lana egingo du droneak. Lanbide Heziketa moduan gure helburua ez da gailuak hegan jartzea. Garrantzitsuena da ikasleak jakitea zer nolako sentsoreak jar ditzakeen dronean, eta informazio horrekin zer egin dezakeen".
Droneak Ondarretako hondarra zapaldu duenerako eguerdia da, eta bukatu da ariketa. Bateriak ere ez du askoz gehiagorako ematen, ordubete inguru ibilbidea egiteko. Nahikoa denbora datuak bildu, ikastetxera bueltatu eta jasotako informazioarekin hondartzaren ortofotoa egiteko.
Hainbat drone-mota
Droneen erabilerak, beraz, askotarikoak izan daitezke, eta erabilerak berak baldintzatzen du sarritan dronearen diseinua. Pisuaren arabera eta hego-motaren arabera sailkatzen dira. "Bost kilotik beherakoak --gurea adibidez-- mikrodroneen kategorian sartzen dira; hortik gora, 200 kilo arte, kategoria ertainekotzat hartzen dira, eta 200 kilotik gora, handitzat. Hegan egitea lortzeko duen euste-planoaren araberako sailkapenak ere egiten dira. Hori kontuan hartuta, batez ere bi drone-mota bereizten dira: hego birakaridunak eta hego finkodunak. Birakaridunak bi hego, lau, sei, zortzi edo gehiago izan ditzaketek; finkodunak hegazkinen tankerakoak dira, gailuaren propultsioa bideratzen duen helize batekin eta euste-planoa ziurtatzen duten hegoekin".
Bidasoa-Irungo Lanbide Heziketako dronea elektrikoa da, eta bateriekin dabil. Drone handienek bestelako erregaia ere erabiltzen dute, erregai likidoak hegazkinak bezala, eta hegan egiteko autonomia handia dute, bai denboran eta baita kilometrotan ere. Milaka kilometro egitera iritsi daitezke.
Mota batekoak zein bestekoak izan, droneak alegaltasun-egoeran mugitzen dira, oraindik ez dagoelako araudi garbirik. Europa mailako araudiren bat lantzen hastekoak dira, baina hori landu artean, kontrolaturik ez dagoen aireko espazioan askatasun osoz erabil daitezke. Hau da, ezin dira erabili hegazkin komertzialak mugitzen diren tokietan --aireportu inguruetan--, ezin dute 300 metrotik gorako altuerarik hartu, eta jende-multzo handien gaineko hegaldiak ere debekatuta daude, baina gainerakoan ez dago mugarik. "Estatu Batuetan araudiaren ikuspegitik aurreratuago daude, eta dagoeneko 2015. urterako drone handiek eta hegazkin komertzialek aireko espazioa partekatuko dutela aurreikusi dute". Alegia, badatozela kolonizatzaile berriak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia