}

Drosophila euliaren genomaren berraztertzea

2001/05/17 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Celera Genomics enpresak argitaratutako Drosophila Melanogaster euliaren genomaren azterketa egin da.

Celera Genomics enpresak, giza genoma ez ezik, Drosophila Melanogaster euliaren genoma sekuentziatu eta argitaratu zuen joan den urtean. Orain, Kaliforniako Stanford Unibertsitateko zientzialari-talde batek argitaratutakoaren azterketa egin du.

Nature aldizkarian azterketaren ondorioak argitaratu dituzte gaur. Komunikazio labur horren hasieran honako gogoeta hau egin dute: "Gene-sekuentzia askotan adostasun handiak badaude ere, desadostasun esanguratsu asko daude".

Sekuentziatutako datuetatik abiatuta, Celera Genomics enpresakoak kodetuta dauden geneak iragartzen saiatu ziren. Drosophila euliak 14.226 gene zituela iragartzen zuten, konbinazio ezezagunetan egon litezkeen beste 550 barne. Baina euli hori asko erabili da laborategietan eta, horregatik, munduko biokimikariek urteetan bildutako datuak datu-base batean gorde dituzte. Datu-base hori SwissProt deritzo. Stanford-eko zientzialariek bi datu-iturri horiek erabili dituzte konparazioa egiteko. Aipatzekoa da zientzialari horiek matematikariak direla, datu-baseetan adituak.

Konparazioa SwissProt datu-basetik hartutako 1.049 geneko lagin batekin egin zen. Enpresaren datuekin konparatutako geneen % 26,2 bakarrik ziren berdin-berdinak. % 28,8k luzeran berdinak baina aldatutako datuak dituzte. Gainerako geneek alde handiak zituzten (% 1 baino handiagoa) bi iturrietan zehaztutako sekuentzietan.

SwissProt datu-basean denbora askoko lana dago bilduta, eta horregatik, askotan egiaztatuta dago jada. Nature aldizkariko artikulu labur horrek, zalantzan jartzen du, beraz, enpresak garatutako metodologiaren fidagarritasuna. Egileen arabera, Drosophilaren genomaren datuak erabiltzeak proteomaren ikerketa asko mugatzen du eta, seguru asko, ondorio horrek giza genomaren kasurako ere balioko du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia