}

Duela 2.600 urteko CRISP-Cas sistemak berregin eta haien funtzionaltasuna frogatu dute

2023/01/03 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

duela-2600-urteko-crisp-cas-sistemak-berregin-eta
Cas9-ren irudia, CRISPR sistemarekin lotutako endonukleasa bat, DNA helburuan jarduten. Arg. Antonio Reifs/CIC nanoGUNE

CRISPR-Cas sistemen bertsio berriak aurkitzeko, ikertzaile batzuek iraganera jotzen dute. Halaxe egin du nazioarteko talde batek, CIC nanoGUNEko Ikerbasque ikertzaile Rául Pérez-Jiménezen gidaritzapean, eta, teknika bioinformatikoen bidez, CRISPR-Cas sistemen historia ebolutiboa berregitea lortu dute, duela 2.600 milioi urteko arbasoetatik gaur egun arte.

Antzinako sekuentzia horiek sintetizatuta, kultiboko giza zeluletan probatu dituzte, eta baieztatu dute funtzionalak direla; hau da, erabilgarriak direla edizio genetikoko tresna gisa. 

Horrez gain, ikusi dute CRISPR-Cas sistema konplexuagoa bihurtu dela denboran zehar. Izan ere, bakterioen defentsa-mekanismoaren parte da, eta eboluzioan bakterioek jasan dituzten birus-mehatxu berrietara egokitzen joan da. Horrenbestez, ikerketa baliagarria da gaur egungo organismoetan aztertzeko nola garatu diren CRISPR tresnak, baliabide berriak sortzeko, eta dagoeneko existitzen direnetatik, eratorritakoak hobetzeko.

Nabarmendu dutenez, antzinako CRISPR-Cas sistemak sinpleagoak izateak badu abantaila bat, aplikazioaren ikuspegitik. Hain zuzen, egungo sistemak oso konplexuak dira, eta bakterio baten barruan funtzionatzeko egokituta daude. Hortik kanpo erabiltzen direnean —adibidez, giza zeluletan—, immunitate-sistemak errefusatu egiten ditu. Gainera, haien erabilera mugatzen duten zenbait murrizketa molekular daude. 

Bada, murrizketa horietako batzuk ez zeuden antzinako CRISPR-Cas sistemetan, eta horrek moldagarriago bihurtzen ditu aplikazio berrietarako. Hala, erabilera anitzeko tresna paregabea direla ohartu dira, orain arte editatu ezin ziren edo eraginkortasun txikiarekin zuzentzen ziren mutazioak zuzentzeko. Aurreratu dutenez, horrek bide berriak irekitzen ditu DNA manipulatzeko, eta alboko esklerosi anizkoitza, minbizia, diabetesa eta antzeko gaixotasunak tratatzeko, baita gaixotasunak diagnostikatzeko tresna gisa erabiltzeko ere.

Ikerketa Nature Microbiology aldizkarian argitaratu dute, eta egileen artean, CICNanogunekoekin batera, Espainiako eta nazioarteako ikertzaile eta zentro erreferente batzuk daude, hala nola Alacanteko Unibertsitateko Francis Mojicaren taldea; Lluís Montoliu (CNB-CSIC eta CIBERER); Marc Güell, Pompeu Fabra Unibertsitatekoa; Miguel Ángel Moreno-Pelayo, Ramón y Cajal-IRYCIS Ospitaleko Genetika Zerbitzuko burua; eta Benjamin Kleinstiver, Massachusettseko Ospitale Nagusiko eta Harvardeko Medikuntza Eskolako kidea.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia