}

Duela 37 milioi urteko bi sasizaldi-espezie berri aurkitu dituzte Araban

2021/06/29 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

duela-37-milioi-urteko-sasizaldiak-aurkitu-dituzte
Zanbranan aurkitutako bi sasizaldien irudikapena. Arg. EHU

Gaur egun, ekido-espezie gutxi batzuk badaude ere –zaldi, asto eta zebrak, esaterako–­, duela 56-33,9 milioi urte, Eozenoan, askoz ere aniztasun handiagoa zegoen. Arabako paisaia subtropikalean Eozeno bukaeran bizi ziren bi paleoterido edo sasizaldi-espezie berri deskribatu dituzte EHUko Ornodunen Paleontologia taldeko ikertzaileek Zanbranako aztarnategian: Leptolophus cuestai eta Leptolophus franzeni. Biak, duela 37 milioi urte ingurukoak.

Garai hartan, Europa artxipelago bat zen, irla askoz osatutakoa. Irla bakoitzean fauna endemikoa garatu zen, noizean behin irlen arteko fauna-elkartrukeak izaten baziren ere. Zanbranan, esaterako, sasizaldi-espezie endemiko asko aurkitu dira.

Horiek guztiak duela 33 milioi urte emandako krisi klimatiko-biologikoaren ondorioz suntsitu ziren, eta orain ezagutzen ditugun zaldiak duela 23-5 milioi urte bitartean Europara Ipar Ameriketatik iritsitako fauna inmigrantea dira. Zaldi itxurako Europako fauna autoktono bakarra, beraz, paleoteridoak edo sasizaldiak izan ziren. “Egungo ekidoek behatz bakarra dute –dio Leire Perales Gogenola ikertzaileak–, baina garai hartako sasizaldiek hiru behatz izaten zituzten. Azken finean, ez zeuden bereziki moldatuak korrika egiteko. Eta tamainan desberdintasun handiak zeuden: aurkitu ditugun espezie berrietako batek 30 kg inguru pisatzen zituen eta besteak 150 kg”.

Eozeno hasieran, tenperatura eta hezetasuna handia zegoen. Gainera, ez zegoen urtaro nabarmenik. Horrek eragin zuen planetako latitude gehienetara ekosistema tropikal edo subtropikalak hedatzea. “Zanbranako paisaia oraingoarekiko oso desberdina zen. Hango lakuan eta inguruan kokodriloak, dortokak, primateak, marsupial txikiak, karraskariak, eta batez ere ipar hemisferioan agertu eta dibertsifikatzen ari ziren artiodaktilo eta perisodaktilo ugari aurkitu dira”, zehaztu du Ainara Badiola ikertzaileak. “Eozeno bukaeran, Europako ekosistema tropikal hori hondatzen hasi eta paisaiaren itxura aldatzen joango zen, baso itxiak gutxituz eta gune irekiak azalduz. Pixkanaka, landare-komunitate epelagoak ugaritu ziren”.

Ikertzaileek ikusi dute aurkitutako bi sasizaldi-espezie berriak Eozeno bukaerakoak zirela, eta eremu irekiagoetako landaredia bazkatzeko haginak zituztela. “Atzeko haginak oso altuak ziren, Miozenoan Europara migratutako ekidoen antzera; horrek adierazten du bazituztela haginak higatzearen aurkako estrategiak, eta, beraz, Eozeno bukaeran jada bazela haginak higatzen zituen landaredia. Besteak beste, gune irekietako lurrean zegoen hautsa landaredian pausatu eta horrek eragin zezakeen haginak higatzea”, argitu du Peralesek.

Hortzak ohiko erremintak dira paleontologoentzat. Ugaztun fosilen taldeak identifikatzeko erabiltzen dira eta zer dieta zuten jakiteko. “Haginetako mikrodesgastea aztertuz, adibidez, jakin dezakegu animaliek zer jan zuen bere heriotzaren aurreko egunetan”.

Journal of Vertebrate Paleontology aldizkarian eman dute bi sasizaldi-espezieen berri. Baina Zanbranako aztarnategia 1998tik ikertzen ari dira EHUko paleontologoak, eta material ugari dute oraindik ikertzeko zain. Aurretik, beste bi sasizaldi-espezie identifikatu zituzten: Pachynolophus zambranensis eta Iberolophus arabensis. Baina ugaztun-mota askoren fosilak azaldu dira, eta informazio esanguratsua lortu dute Europan eta Euskal Herrian denbora geologikoan izandako klima- eta ingurumen-aldaketen inguruan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia