}

Duela 42.000 urteko alderantzikatze magnetikoak ondorio nabarmenak izan zituen ingurumenean

2021/02/19 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

duela-42000-urte-alderantzikatze-magnetikoak-ondor
El Castillo haitzuloko irudi hauek duela 42.000 urte inguru egin ziren. Eskuak marrazteko erabilitako okre gorria eguzkitik babesteko erabiltzen zutela iradoki izan da. Arg. Paul Pettitt, Kantabriako Gobernua

Lurraren eremu magnetikoaren azken alderantzikatzeak, duela 42.000 urte inguru gertatu zenak, ondorio nabarmenak izan zituen ingurumenean, Science aldizkarian argitaratu duten ikerketa baten arabera.

Zeelanda berriko aintzira batean aurkitutako zuhaitz-enbor batetik atera dute ondorio hori. Garai harta bizi izan zen kauri baten (Agathis australis) 60 tonako enborra da, aintziran kontserbatu dena, eta haren eraztunek 1.700 urteko epea hartzen dute. Eraztun horietan zehar karbono-14a nola aldatzen den aztertu dute ikertzaileek. Eta ikusi dute, alderantzikatze magnetikoa gertatzen ari zela, eremu magnetikoaren indarra minimoan zegoenean, atmosferako karbono-14aren maila nabarmen handitu zela. Eta ondorioztatu dute horrek aldaketa handiak eragingo zituela atmosferako ozono-kontzentrazioan, eta, baita kliman ere. 

Areago, ikertzaileek iradoki dute litekeena dela horrek eragina izatea justu garai hartan gertatu ziren beste hainbat gertakaritan, hala nola, Australian ugaztun handiak desagertzea, neandertalen gainbehera Europan, eta Europako eta Asiako hainbat haitzulotan agertzen hasi ziren margoak.

Hala ere, Science aldizkariak argitaratu duen albistean, beste ikertzaile batzuek salatu dute gehiegizkoa dela halako ondorioak ateratzea, eta gogorarazi dute beste ikerketa batzuetan, esaterako, poloetako izotzetan egindako azterketetan, ondorioztatu dutela kliman ez zela aldaketa nabarmenik izan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia