Duela 8.200 urte Kantauri itsasoa hozteak kostako populazioan izan zituen ondorioak ikertu dituzte
2022/04/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Duela 8.200 urte Kantauri itsasoaren tenperatura 2 gradu jaitsi zen; azken 11.700 urteetako klima-aldaketa nabarmenena izan zen. Hozteak kostako itsaskiei nola eragin zien, eta horrek hango populazioetan izan zituen ondorioak ikertu ditu ikertzaile-talde batek, Errioxako Unibertsitateko Asier García Escárzagaren gidaritzapean.
Scientific Reports aldizkarian argitaratu dute lana, eta, haren arabera, Kantauri itsasoa hozteak kostako itsaskiak aldatzea ekarri zuen. Garaiko populazioak nola egokitu ziren aztertzeko, El Mazo aztarnategiko moluskuen maskorrak aztertu dituzte, analisi arkeomalakologikoak eta biokimikoen bitartez.
Hozteak eragindako aldaketen artean, baieztatu dute Patella vulgata lapak ugaritu zirela, eta Phorcus lineatus karrakelak, berriz, urritu, lehenak ur hotzetara egokituta baitaude, eta besteak, berriz, ur epeletakoak baitira.
Horrez gain, garai horretako oskolak beste garaietakoak baino txikiagoak dira. Antza denez, kostan tenperatura barrualdean baino epelagoa zen, eta, beraz, hara jo zuten giza taldeek, babes bila. Horrenbestez, demografia handitu egin zen, eta horrek ekarri zuen beste garaietan baino itsaski gehiago biltzea; horrek azaltzen du oskolak txikiagoak izatea.
Azpimarratu dutenez, lortu dituzten datuak lagungarriak dira hurrengo ikerketetarako. Izan ere, besteak beste, duela 9.000 eta 7.800 urteen bitarteko karrakelen karbonoaren eta oxigenoaren azterketa isotopikoari esker, jakin dute zein zen kostako uren tenperatura, udan zein neguan. Paraleloan, lehorreko landaredia ere ezagutu dute, polena aztertuta.
Halaber, gaur egungo klima-aldaketak Ipar Atlantikoan izan ditzakeen ondorioak ulertzeko ere balio duela adierazi dute ikertzaileek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia