Ebolaren aurkako txertoa, prest 2015erako
2014/10/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ebola filovirus bat da, eta zazpi gene ditu. Mukosetatik sartzen da giza organismora, eta, hasiera batean, monozitoak, makrofagoak, zelula dendritikoak eta gibeleko Kupffer zelulak kaltetzen ditu. Horrekin batera, immunologia-sistemaren babes-mekanismoak inhibitzen ditu. Horrenbestez, eraginkorrak izateko, estrategia bikoitz horri aurre egiteko gai izan behar dute txertoek.
Aurreratuen dauden bi txertoetako bat txinpantzeen adenovirus bat da, ebolaren azaleko proteina batekin. GlaxoSmithKline farmazia-konpainiaren eta Estatu Batuetako Gaixotasun Infekziosoen Sailaren artean ari dira garatzen, eta Estatu Batuetan, Britainia Handian eta Malin ari dira probatzen.
Bestea, estomatitis besikularraren birus errekonbinante bat da, Kanadako Osasun Agentziak garatua eta New Links konpainiak ekoitzia. Estatu Batuetan ari dira probatzen, eta laster Europan eta Afrikan probatzea espero dute.
Proba klinikoen lehen fasean daude biak. Fase horretan, txertoek seguruak direla eta erantzun immunologikoa sorrarazten dutela frogatu behar dute. Horrez gain, erantzun hori sortzeko zer dosi behar den ere neurtu behar dute; horren arabera jakin daiteke noizko izan ditzaketen txertoak prest ekoizleek.
Oztopoak oztopo
Hala ere, txertaketekin hasi baino lehen, proba klinikoen beste faseak gainditu behar dituzte. Bigarren eta hirugarren faseek eraginkortasuna eta segurtasuna bermatzeko helburua dute, eta aipatutako bi txertoenak abenduan eta urtarrilean egitekotan dira, Liberian eta Sierra Leonan. Horretarako, boluntario ugari behar dituzte: txerto bakoitza 10.000 pertsonatan probatu behar da, eta beste hainbestek plazeboa jaso behar dute. Prozedura azkartzeko, Sierra Leonan plazeborik gabeko proba bat ere egingo dute. Hain zuzen, proba egiteak kalte baino onura handiagoa dakarren kasuetan, plazeborik gabeko proba egitea baimentzen da, baina beti salbuespen gisa.
Txertoak probatu bitartean, beste arazo batzuk ere konpondu behar dituzte. Adibidez, MOE aztertzen ari da nola prestatu populazioa txertaketak onartzeko. Bestetik, txertoek ‐80 ⁰C-ko tenperaturan gorde beharko dira; horrek esan nahi du, hozkailu bereziak beharko dituztela txertaketak egingo diren lekuetan. Eta beste alderdi batek ere sortzen du kezka: dirua. Nork ordainduko ditu gastuak? Ez MOEk ez ebolarekin lanean ari diren gainerako erakundeek ez dute zalantzarik mendebaldeko herrialdeek ere lagundu beharko dutela, baina oraindik ez dago erabaki garbirik. Dena dela, 2015a amaitu baino lehen txertaketekin hasteko moduan egongo direla espero du MOEk, oztopo guztiak gaindituta.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia