}

Eboluzioa bideo-jokoetan

2008/11/23 Álvarez Busca, Lucía - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Espezie bat, mundu bat, unibertso bat sortu ahalko bazenu, nolakoa egingo zenuke? Imajinatu izaki bat sortzen duzula, eta, zuk hartutako erabakien arabera, izaki hori eboluzionatuz doala, espezie, familia, gizarte eta mundu bat garatu arte. Saiatu nahi?

Gure izakia organismo zelulabakarra denean jokoa bi dimentsiotan agertzen zaigu, mikroskopio batekin begiratuko bagenu bezala. (Electronic Arts Software)

Tamagotchia motz gelditu bazitzaizun, hemen duzu aukera zabalago bat. Joan den irailean, Spore aurkeztu zuten. Ordenagailuan, bideo-jokoen kontsolan nahiz mugikorrean jolasteko bideo-joko bat da. Eboluzio teologiko edo diseinu adimendun deritzon kontzeptuan oinarritua dago. Izan ere, jokalariak izaki baten eboluzio-prozesua erabakitzen du, jainko bat balitz bezala.

Bakoitzak nahi duen itxura eman diezaioke izakiari, organismo zelulabakarra denetik animalia konplexua izan eta adimen-maila jakin bat lortu arte. Jokalariak horren hainbat generazio hazi beharko ditu, gizartea egituratu eta zuzendu, zibilizazioaren hasieratik espaziora iristeko gaitasuna izan arte.

Hiru milioi espezie sarean

Sporek izakiak, eraikinak, garraiobideak eta espaziuntziak ‘pertsonalizatzeko’ aukera ematen digu.
Electronic Arts Software

Will Wright da Spore jokoaren sortzailea. Wright oso ezaguna da lehendik ere, Sims jokoaren sortzailea baita. Joko hartan, gizartea zen jostailua. Wright-ek beste pauso bat eman nahi izan du orain, eta, jokabideak ez ezik, izakiak ere sortzeko aukera eman du. Spore -n unibertsoa da jostailua. Horretarako, Sims -ek zituen gizarte-funtzioei biologiaren oinarriak eta eboluzioaren kontzeptua gehitu dizkie. Wrighten hitzetan, jostailuzko ekosistemak, planetak eta galaxiak daude, eta jokoaren helburua da jostailu horiek dibertigarriak izatea; jokalariak aukera izatea horiek esploratu eta hiriak eta munduak sortzeko. Spore- ren sortzaileen irizpidea jokalariaren gustuko jokoa garatzea izan da, hark bizi nahi dituen esperientzietan zentratu, eta horiek nahi duen erara aldatzeko gaitasuna eman nahi izan diote jokalariari.

Jokoa biziaren sorrerarekin hasten da. Hain zuzen, planetan kometa bat erortzen ikusten da. Hasiera horrek panspermiaren ideia azaltzen du —hipotesi horren arabera, biziaren ‘haziak’ unibertsoan zehar sakabanatuta daude, eta horiek Lurrera iristean hasi zen bizia gure planetan—. Hortik aurrera, jokalariak bost egoera desberdin igaro beharko ditu: organismo zelulabakarra, izakia, tribua, zibilizazioa eta espaziora irtetea.

Jokoaren azken fasean espazioaren konkistari ekingo dio guk sortutako espezieak.
Electronic Arts Software

Fase bakoitzean hartutako erabakien arabera —belarjalea edo haragijalea izatea, defentsa-sistema batzuk edo beste batzuk garatzea, etab.— jokalariak sortutako izakiak era batera edo bestera eboluzionatuko du. Hala, fase bakoitzean erabakitakoaren arabera, puntu genetiko batzuk markatuko dira. Puntu horiek aurrerago hartuko ditugun erabakiak baldintzatzen dituzte. Adibidez, zelula zen garaian hartutako erabakiaren arabera, jokoak hanka-, beso- edo begi-kopuru bat emango digu, edo, defentsarako arma batzuk edo beste batzuk aukeratzearen arabera, inguruko taldeak lagunak edo etsaiak izango dira.

Hiru milioi espezie sarean

Jokalari batek sortutako izakiak beste jokalari batzuekin parteka daitezke, sarean dagoen izaki-basean txertatuta, eta base horrek beste batzuek sortutako izakiak deskargatzeko aukera ere ematen du. Gaur egun, erabiltzaileek sortutako hiru milioi izaki baino gehiago daude sarean, jokoaren arrakastaren erakusgarri.

Baina jadanik agertu dira joko horren kontrakoak ere. Hala, gizon batek Anti Spore bloga jarri du martxan, joko horrek fedearen kontrako ideiak erakusten dizkielako gaztetxoei. Izan ere, jokoak defendatzen dituen eboluzioaren ideien aurka agertzen da blogaren sortzailea, eta hainbat erlijio-sinesmenen kontra egiten duela uste du.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia