}

Eboluzioan aurrera genoma txikituz

2005/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

img height="157" hspace="5" src="Images/A209-022.jpg" vspace="5" width="200"/>

Prochlorococcus mikroorganismo zelulabakarra itsasoko fitoplanktonean dagoen bizidun txikiena da, eta haren genoma fotosintesiaren bidez oxigenoa sortzen duten organismoetan txikiena da. Orain jakin dute, gainera, zenbat eta eboluzionatuagoa izan, orduan eta txikiagoa dela haren genoma.
Hain txikia izan arren, Lurreko organismo fotosintetiko ugariena da. Halaber, ezinbestekoa da elikagai-katean; izan ere, elikagaietan oso urriak diren itsas eremuetan bizi da; beraz, besteentzat aproposa ez den lekua hartzen du eta biziz betetzen du.

Ikertzaileek hiru espezieren genomak deskodetu dituzte; bat azalean bizi da, eta beste biak argitasun gutxiagoko sakoneran. Genomak alderatuta, konturatu dira azalean bizi den horren genoma besteena baino askoz ere txikiagoa dela. Hain zuzen, espezie hori da eboluzioan ‘gazteena’ —duela 150 milioi urte sortu zen—, eta 1.700 gene bakarrik ditu. Handienak, berriz, 2.300 ditu. Horietatik, 1.300 berdinak dira bietan.

Zientzialarien ustez, eboluzioan genoma txikiena dutenek egin dute aurrera. DNA txikia izatean, zelulak berak ere ez du hain handia izan beharrik, eta, dirudienez, hori abantaila da elikagai gutxi dagoen tokietan moldatzeko. Bizirik dagoen organismo baten genoma txikituz doala ikusten duten lehenengo aldia da.