}

Eddystone: itsasargi baten sorrera

2001/11/04 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Beharbada, Eddystone arroketakoa munduko itsasargirik ospetsuena da. Plymouth Hoe lurmuturretik 14 miliatara dago hegoalderantz, oso leku aproposa itsasargi bat izateko. Hain zuzen ere, kostaldea gertu ez izanik, toki horretan arroka arriskutsu batzuk daude itsas azalaren gainetik. Itsasontzien istripuak ohikoak ziren han gizon batek dorre bat eraikitzea erabaki zuen arte.

Lehenengo bi itsasargiak

Henry Winstanley artista handia zen. Asmatutako jolasak eta kartak salduz diru asko egin zuen XVII. mendeko Londresen. Ez zen, ordea, dirua jokoan galduko zuen gizona, eta, zentzu handiz, bost merkantzia-ontzi erosten inbertitu zuen. Baina garai hartan itsasoan nabigatzea ez zen batere segurua, eta 1695eko abuztuan ontzi bat hondoratu zitzaion Plymouth inguruko Eddystone arroketan. Ez zen, jakina, berarentzat alaitzeko modukoa, baina patua onartu eta aurrera jarraitu zuen. Handik gutxira, ordea, bere bigarren ontzi batek ere istripua izan zuen toki berean, eta hondoratu egin zen.

Azken itsasargia eraikitzeko, oraindik Smeatonen dorrea kendu gabe zegoenean.

Winstanley ez zen etxean gelditu hirugarrena hondoratu zain. Aitzitik, Plymouth aldera abiatu zen istripu larri horien aztarnak ikertzeko asmoz. Eddystone arrokek oso kostalde malkartsua eratzen zuten eta ontzientzat arrisku handia ziren. Winstanley gizon ausarta eta azkarra zen eta konponbide erraza ikusi zuen: itsasargi bat diseinatu eta eraikiko zuen.

Ingalaterran zein beste edozein tokitan zeuden itsasargietan bitxienetako bat zen. Izan ere, Winstanley ez zen arkitektoa eta, horregatik, diseinua bitxia atera zitzaion. Itsasargia eraikitzen ari zirela, eta ontzi militar baten babesa izan arren, gau batean frantsesek harrapatu eta preso eraman zuten Wintanley. Haren truke, gerra-presoak askatuz, almirantego britainiarrak etxera ekartzea lortu zuen eta itsasargia eraikitzeari ekin zion.

Eddystone arroketako gida-argia lehen aldiz 1698ko azaroaren 14an piztu zen. Oso egitura bitxia zuen, apaingarriz beteta, eta itsasargi-eran lan egiteko ez ezik, setiatuz gero erasoari eusteko ere eraikitako dorrea zen. Baina lehenengo negua pasatu ondoren itsasargira itzuli zenean, sendoa ez zela konturatu zen Winstanley. Urte horretan bertan berritzea erabaki zuen. Altuera eta oinarriaren diametroa ia bikoiztu egin zituen eta hurrengo urteetan ez zen ontzirik hondoratu Eddystonen.

Winstanley oso harro zegoen itsasargiaz, baina kontratatutako zaindariak oso maiz kexatzen ziren. Jabeak udazkeneko ekaitzetan bertan geratzea erabaki zuen eta, oso jarrera baikorrarekin, han instalatu zen.

1703ko azaroaren 26an garai hartako ekaitzik bortitzenetako bat izan zen (deitu ere The Great Storm deitu zitzaion) eta, biharamunean, itsasargiaren arrastorik ere ez zegoen. Erabat suntsitu zen eta zaindariak eta Winstanley bera betiko desagertu ziren. Hurrengo egunean itsasontzi bat hondoratu zen Eddystone arroketan, eta Plymouth-eko biztanleek beste itsasargi bat eraikitzeko beharra sentitu zuten.

Hirugarren itsasargia

Egungo Eddystone arroketako itsasargiak lehenbizikoak baino itxura arruntagoa dauka.

1709. urtean, John Rudyerd-ek Eddystone-ko arroketako hirugarren itsasargia bukatu zuen. Itxuraz ez zen Wistanley-k asmatutakoen antzekoa. Dena dela, zetaren salerosketa egiten zuen gizon horrek ere zura aukeratu zuen eraikitzeko material bezala, eta itsasontziak bilakatu zituen eredu oinarrizko egitura osatzeko. Bere ustez, itsasontziek ekaitzetan osorik irauten bazuten, antzeko diseinuarekin egindako itsasargiak ere lortuko zuen irautea. Eraikuntza bukatuta, arrastorik utzi gabe alde egin zuen.

46 urtez oso itsasargi arrakastatsua izan zen. Baina 1755. urtean, 94 urteko Henry Hall zaindariak kea ikusi zuen teilatutik aireratzen zela. Sukaldeko berogailuan sortutako txinparta batek teilatuari su eman zion eta erretzen hasi zen. Hall-ek bi lankideak esnatu zituen eta, denen artean, sua itzaltzen saiatu ziren. Laster ezinezkoa zitzaiela konturatu eta itsasargiaren behealderantz abiatu ziren babes bila. Itsasargia erre eta desagertu egin zen, baina zaindariek bizirik iraun zuten azpiko arrokaren gainean.

Gau hotz hura nola edo hala pasatu ondoren, biharamunean erreskatatu zituzten. Baina bi aste geroago Hall hil egin zen, eta gorpua aztertu zutenean, suak lurrundutako itsasargiaren beruna bere urdailean solidotu zela aurkitu zuten. Hain zuzen ere, berunak pozoitutako lehen hildako dokumentatua izan zen Hall koitadua.

Smeaton-en dorrea

Eddystoneko itsasargiak elezahar askoren protagonista izan dira.

Yorkshire konderriko instrumentugile batek eraiki zuen Eddystone arroketako laugarren itsasargia. Dorrea diseinatzean jarri zuen baldintza nagusia harrizkoa egitea izan zen. Itsasoaren erdian dagoen arroka batean ez zen inoiz harrizko itsasargirik eraiki, eta jende askok uste zuen ezinezkoa zela halakorik egitea. Smeaton-ek ahal zuen harri-motarik gogorrena hartu zuen eta haritzen enborrek inspiratutako diseinua egin zuen, haritzek haizea ondo jasaten baitute.

Esperimentu zientifiko asko egin zituen Smeaton-ek, azkar lehortzen den zementua, baina itsasoak eragiten ez diona, behar zuelako. Toki egokian eta modu perfektuan sartu ahal izateko, kostaldeko masoi trebeek berezko forma ematen zieten harriei. Eraikuntza lanak 1789an bukatu ziren eta arrakasta handia izan zuen; harrotasun pixka batez, 'ingeniaritza zibilaren aita' deitu zitzaion. Oso itsasargi ospetsua eta iraunkorra izan da, izan ere, oraindik zutik dago Plymouth Hoe-ko lautadan. 1870 inguruan itsasargiaren azpiko arroka higatuta zegoela ikusi zuten; horregatik, kostaldera harriz harri eraman zuten eta beste bat eraikitzea erabaki zen. Gaur egun ere han dago, garai baketsu horren oroigarri gisa.

Azken itsasargia

Smeaton-en diseinua ez zen horretara mugatu. Eddyston arroketako hurrengo itsasargiaren diseinatzaileak ere, Sir James Douglas jaunak, kontuan hartu zuen. 1882. urtean itsasargi berria lehen aldiz piztu zen. Itsasargi horren itxura beste askoren eredu bihurtu da. 1982an erabat automatizatu zen, eta, beraz, orduz geroztik ez da zaindari gehiago behar izan.

Eddystone-ko lehen lau itsasargiak. Lehena, 1698an piztu zuten lehenbizikoz.

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia