}

Ederra eta piztia

1995/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

112 gazte ingresatu behar izan zituzten iaz Maitland-eko ospitaleetan Aingeruaren tronpeta izeneko landarearen gaindosiak jota.

Argazkiko lore bikaina ederra bezain arriskutsua izan daiteke. Hala uste izan du Maitland Hiriko Epaitegi Gorenak eta “Aingeruaren Tronpeta” izenaz ezagutzen den landarea debekatzea erdietsi du. Brugmansia x candida da bere jatorrizko izena. Maitland hiriko zenbait gaztek ongi baino hobeto daki landareak berak eta bere ostoak egosiz lortzen den infusioak dituen ezaugarrien berri.

Izan ere, urteetan, droga bezala erabili izan dute Florida osoan, etxeetako jardinetan eta kaleetan erraz topatzen baita. Iazko gertakariak kontutan hartuta, ordea, tronpetaren hotsa isilaraztea beherrazkotzat jo dute. Maitland-eko ospitaleetan 112 gazte ingresatu behar izan zituzten iaz, guztiak Brugmansiaren edo Aingeruaren tronpetaren gaindosiak jota.

Horietarik bi ordu batzuetara hil egin ziren aluzinazio bortitzen ostean. Hiriko Epaitegi Gorenak kaleratu duen txostenean irakur daitekeenez, beste edozein drogak sorraraz lezakeen efektu bera lortzen omen zuten gazteek Brugmansia lorearen hostoak egosi eta infusioan edanez. Burmuinean eragiten dituen kalteak eta aluzinazioetan gazteek pairatzen duten eromen-egoera direla eta, Epaitegiak debekatu egin du Brugmansia berriak landatzea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia