Ederra eta pozoitsua
2001/08/31 Elhuyar Zientzia
Asko gaur oporretatik bueltan etorri bazarete ere, ez pentsa, horregatik, uda bukatu denik. Ez horixe! Oraindik ere menditik jira bat egin edo hondartzan bainutxo bat hartzeko garaia da. Dena den, arropak erantzi eta bainua hartzera animatzen bazarete, gogoratu urte-sasoi honetan arreta berezia jarri behar zaiela uretan noraezean ibiltzen diren plastikoei. Izan ere, horietako asko ez dira dendako poltsak izaten, marmokak baizik.
Marmokak uda-bukaeran ikusten ditugu normalean, ura bero dagoenean agertzen baitira. Aterki-formako gorputz likatsua eta ia gardena dute, eta ez dute ez buru, ez begi, ez hezur, ez antzerakorik. Hori bai, zelula pozoitsuz betetako garroak dituzte eta, harrapakina –edo zure izterra!– ukitzen duten aldi oro, zelulak ‘lehertu’ eta pozoia biktimaren gorputzean sartzen da.
Gure azalean, pozoiak ematen duen erre-sentsazioak hainbat minutu edo ordu luzeak iraun ditzake. Mina arintzeko, hona hemen gure aholkua: zauria ozpinaz edo alkoholaz garbi dezakezu edo, bestela, bikarbonatoa urarekin nahastu eta eratutako orea zauriaren gainean jarri. Nolanahi ere, ez erabili ura zauria garbitzeko, pozoi gehiago aska baitaiteke.
A, eta, kontuz! Areatan egoten diren marmokak ere pozoitsuak izan daitezke oraindik bustita badaude, baita gorputz nagusitik askatutako garroak ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia