}

Eman diote azken agurra Cassini zundari

2017/09/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

eeman-diote-azken-agurra-cassini-zundari
Cassini zundak bidalitako azken irudiak. Arg. NASA/JPL-Caltech/Space Science Institute

Lurretik abiatu zela 20 urte igaro direnean, 13 urtez Saturno eta haren ilargiak eta eraztunak behatu ondoren, eta erregaia agortzeko zorian zuela, bere burua planetaren aurka botata suntsitu da Cassini zunda.

Gehienetan, erregaia agortutakoan bidaiatzen jarrai dezaten uzten diete zundei; oraingo honetan, ordea, horrela amaitzea erabaki dute, ez dutelako zoriz Entzeladorekin edo Titanekin talka egiterik nahi. Izan ere, Saturnoren bi ilargi horietan bizia hartzeko kondizioak daudela baieztatu dute ikertzaileek; beraz, talka eginez gero, zundak Lurretik eramandako bizidunekin haiek kutsatzeko arriskua legoke.

Amaiera iragarrita zegoen modukoa izan da. Amaiera Handia deitu zioten, eta, berez, apirilean hasi zen. Titanen ondotik igaro zen, eta horrek norabidea aldatzeko behar zuen indarra eman zion. Hala, ordutik gaur arte 22 orbita egin ditu planetaren eta eraztunen artetik. Bitartean irudiak eta datuak bidaltzen aritu da. Azken irudiak atzo bidali zituen, eta gaur ordu biak baino pixka bat lehanago itzali da antena, zunda Saturnoren hodeietatik 1.500 km-ra zegoenean. Orduan amaitu da misioa. Alabaina, Cassinik jarraituko du Saturno eta haren ilargiak hobeto ezagutzeko zertzeladak ematen, ikertzaileek oraindik urteak beharko baitituzte bildu dituen datu guztiak aztertzeko eta ondorioak ateratzeko.

 

--> Cassini-Huygens misioaren gaineko erreportajea: Cassini 1997-2017

--> Misioari buruzko azalpenak ETB1eko Ahoz Aho saioan (37. minututik 56.era)

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia