EFDA-JET fusio-erreaktoreko elikatze-iturriak Lasarten egingo dira
2006/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Europako Batzordeak, EDFAren aginduz (European Fusion Development Agreement), lau elikatze-iturri diseinatu, eraiki eta instalatzeko kontratatu du Lasarteko JEMA enpresa. Elikatze-iturri horiek fusio nuklearreko EFDA-JET erreaktore esperimentalean jarriko dituzte. Erreaktorea Culham herrian dago, Erresuma Batuan.
EFDA-JET erreaktorea, hain zuzen ere, egun funtzionamenduan dagoen erreaktorerik handiena da, eta arlo horretan diharduen komunitate zientifikoarentzat erreferentea. Erreaktore hori izan da, halaber, ITER proiektua definitzeko erabili den oinarrietako bat.
JEMAren elikatze-iturriek erreaktoreko deuterioa (hidrogenoaren isotopoa) berotzen duten mikrouhin-sistemak elikatzen dituzte. Hala, deuterioak 150 milioi graduko tenperatura lortzen du, eta hori nahikoa da fusio-erreakzioa abiarazteko.
Elikatze-iturri horiek oso ezaugarri bereziak dituzte, eta neurrira egiten dira. Horretarako, teknologiarik aurreratuenak erabiltzen dituzte.