Egia daraman kaxa
2002/06/09 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Kaxa beltza David Warren Australiako Zientzia Elkarteko kideak asmatu zuen 1957.urtean. Herri horretako Queensland hirian erabili zen, hain zuzen ere, aparailu hori lehendabiziko aldiz 1960. urtean izandako hegazkin-istripuan.
Garraiobide horren istripuetatik normalean oso jende gutxi irteten da bizirik, hegazkinaren abiadura handia eta beste faktore batzuk direla medio. Ondorioz, bidaian zehar benetan zer gertatu den gutxitan jakin ahal izaten da.
Arazo horri aurre egiteko asmatu zen, hain zuzen ere, kaxa beltza. Hegazkintza komertzialeko aurrerapauso garrantzitsuenetakotzat jotzen da aparatu hori. Hegazkin-istripuen zergatiak argitzeko erabili ohi da batik bat: hegaldiko hainbat datu eta aginte-kabinako elkarrizketak grabatzen ditu. Grabazio horiei esker, hegaldian pilotuek eta gainontzeko langileek izandako arazoen berri jakin ahal izaten da.
Pilotuek, hegazkinean kaxa beltza daramatela jakinik, hegaldian zehar arazoak suertatzen zaizkienean, informazio guztia mikrofonoen aurrean ozen ahoskatzen dute, ongi baitakite istripurik balego ikertzaileei baliagarri izango zaiela.
Kokapena eta funtzionamendua
Hegazkinaren buztan aldean kokatzen da kaxa beltza, gune hori baita tresnak hausteko arrisku gutxien duena. Berez, lehen esan bezala, laranja kolorekoa izaten da, batik bat istripuaren ondoren erraz bila dezaten.
Erresistentzia handia duten materialez, titanioz adibidez, egiten da kaxa beltza. Inpaktu oso handiak jasateko gai izan behar du, istripuaren ondoren ez dadin desegin eta berekin daraman informazio guztia ongi gorde dezan.
Hegazkina lurrean dagoela motor bakar bat piztu, eta bost minutura kaxa beltzeko grabagailua martxan jartzen da. Itzali, berriz, motorra gelditu eta automatikoki bost minutura egiten da.
Erresistentzia-frogak
Ikertzaileek beren lana ongi egin dezaten eta grabazio denak errekupera ditzaten, kaxa beltz bakoitzari hainbat froga pasarazten zaizkio.
Erresistentzia-maila egokia duen jakiteko, kanoi batetik hegazkinak hartzen duen abiadura berean pareta batera jaurtitzen dute. Horrez gain, kaxa beltz bakoitzak barnean daraman suteen aurkako tresnak 30 minutuan 1.100 Cº-ko tenperatura eta 3.400 g-ko (grabitatea: 9,81 m/s 2 ) inpaktua jasateko gai izan behar du. Bestalde, hegazkin bat itsasora edo beste edozein likido-motatara eroriko balitz 36 ordu iraun beharko du desegin gabe, 900 m edo gehiagoko sakoneran.
Cockpit Voice Recorder edo kaxa beltzak hegaldiko 300 datu ezberdin gorde ditzake. Horien artean, nagusienak abiadura, altitudea, abiada-hartze bertikala, kabinako elkarrizketak eta irrati bidezko komunikazioak izan ohi dira. Hegazkin denetan ezartzen diren kaxa beltzetan grabazio denak lau kanaletan gordetzen dira: komandantearen komunikazioak batean, kopilotuarenak beste batean, hegaldiko ingeniariarenak hirugarren batean eta aginte kabinakoen arteko elkarrizketak azken kanalean.
Kaxa beltzaren azterketa
Hegazkin-istripu baten ostean, kaxa beltzaren informazioa jaso eta aztertu behar izaten da. Baina nork eta nola egiten ote du lan hori? Hegazkin-konpainiak, herri bakoitzeko garraio-ministerioak, poliziak, elkarte berezi batek...?
Horrelako ikerketak elkarte bereziek egiten dituzte. Mundu mailan, Hegazkintza Zibileko Nazioarteko Erakundea dago eta herri bakoitzak, elkarte horren jarraibideak errespetatuz, bere abiazio zibilaren elkarte propioa dauka.
Talde horiek ez dute gaizkilerik izendatzeko helbururik, erabat independenteak dira, eta beren lana azterketa tekniko ahalik eta zuzenenak egitean datza.
Istripu bat gertatuz gero, abiazio zibilaren elkarteko ikerketaburu batzuk hurbiltzen dira ezbeharra pasatako gunera. Horietako bakoitzak lankide batzuk izan ohi ditu azterketa eraginkorragoa izan dadin. Talde bakoitzak zeregin jakin bat izaten du: istripua gertatu zen uneko aireko trafikoa eta meteorologia analizatzea, bizirik dirauten pertsonak elkarrizketatzea eta, besteak beste, hegazkin barneko tresna denak egiaztatzea. Baina tresna horiek denak ez dira istripua gertatu zen gunean aztertzen. Izan ere, kaxa beltza erraz mugi daitekeenez, konplexu samarra denez eta, gainera, publikoki ezin zabal daitezkeen informazio pertsonal anitz daramatzanez (besteak beste pilotu edo langileen elkarrizketa pertsonalak), laborategietan aztertzen dute normalean.
Istripuaren gunera hurbiltzen diren ikertzaile-taldeek, kaxa beltzari buruzko azterketaren emaitzak jaso ondoren, atal ezberdinez osaturiko txosten orokor bat aurkezten dute: gertakarien aurkezpena, analisia, konklusioak, istripuaren eragile liratekeenak, eta gomendioak aurkezten dituzte bertan.
Txosten orokor hori lehenik eta behin hegazkin-konpainiari ematen dio abiazio zibileko elkarteak eta ondoren hedabideei banatzen die. Komunikabideek kaxa beltzean grabaturik dauden hegazkineko komandante, pilotu eta langileen elkarrizketak edo informazio pertsonalak kaleratu ahal izateko, azken horien (istripuaren ondoren bizirik badiraute) edo familiakoen baimena jaso beharko dute.
Hegazkin-istripu baten arrazoiak zein diren ziur jakiteko, ia apurtezina den laranja-koloreko kaxa hori ezinbestekoa da. Bere baitan daramatza hegaldiko datu tekniko eta pertsonalak, eta bere baitan darama egia. Tresna aurrerakoi hori ez aztertzea nahiago badugu ere, kasua suertatzen denean, beste istripu batzuk ekiditeko oso lagungarria izan dakiguke.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia