Egin bedi argia...!
2008/02/01 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Katedral gotikoak izan ziren Erdi Aroan handitasun gehien adierazi zuten tenpluak; ordura arte inoiz eraikitako eraikin altuenak ziren, eta, aldi berean, arinak zirela ematen zuen, hormak hutsunez beteta baitzeuden: leihoak zirela, arrosa-leihoak zirela, beirateak zirela eta abar.
Baina ez ziren egun batetik bestera hasi horrelako eraikin dotore eta lirainak eraikitzen. Arkitektura gotikoa erromanikoa eboluzionatzearen ondorioz sortu zen, arkitektura erromanikoak zuen arazo handiena konpontzea lortu zutenean, hain zuzen ere. Seguru asko ez zen arkitektura gotikorik sortuko lehenago arkitektura erromanikorik izan ez balitz.
Era berean, arkitektura erromanikoa ere aurretik zegoen arazo handienaren konponbide gisa sortu zen. Hau da, arazoak konpondu ahala eta eraikitzeko teknikak hobetu ahala sortu ziren arkitektura-estiloen segida baten osagaiak izan ziren erromanikoa eta gotikoa.
Erromanikoaren ekarpena
X. mendearen inguruan sortu zenetik, arkitektura erromanikoaren helburu nagusia izan zen tenpluen iraunkortasuna luzatzea. Ordura arteko eliza eta katedralek ahulgune handi bat zuten: egurrezko teilatuak zituzten. Ezaugarri hura zela eta, oso zaurgarriak ziren suteen aurrean; teilatuak su hartzen baldin bazuen, eraikin osoa erortzeko arriskua oso handia zen.
Egurrezko teilatuak ordezkatu eta harrizkoak egitea pentsatu zuten eraikitzaileek. Hala, luzeago iraungo zuten; batetik, harria ez delako usteltzen, eta, bestetik, suteen aurrean askoz erresistenteagoa delako. Gainera, harriak edonon zeuden erabiltzeko moduan; beraz, ez zuten material-eskasiarik izateko arriskurik.
Sabaiak harriz estaltzeko, zirkuluerdi-itxura zuten harrizko egiturak eraikitzen hasi ziren: bi zutoinen artean erdi-puntuko arkuak egiten zituzten, bi horma paraleloren arteko hutsunea estaltzeko, forma bereko sabaiak (kanoi-gangak), eta lau hormen edo zutoinen arteko hutsunea estaltzeko, ertz-gangak. Ertz-gangak bi kanoi-ganga elkarrekin gurutzatuta egiten dira.
Halako egiturak eratzeko, harriei falka-itxura eman behar zieten; hura zen lanik zailena. Ezinbestekoak ziren trebatutako langileak, eta sabaietarako harriak lantzen zituzten langile-taldeak sortu ziren. Talde ibiltariak ziren, eta elizak eraikitzen ari ziren lekuetan batetik bestera joaten ziren, falka-formako harriez hornitzera.
Erraza dirudien arren, horrelako elizak eraikitzea ez zen edonolako erronka izan. Ordura arteko eraikinak egurrezko teilatuak izateko diseinatuta zeuden, eta ahulegiak ziren harrizko teilatu bati eusteko.
Arku-itxura duen egitura batean, berez, arkuaren edo gangaren erdiko harriek ondokoei transmititzen diete indarra, haiek ondokoei, eta abar. Hala, harrien pisuak eragiten duen indarrak arkuaren edo gangaren euskarri bertikaletaraino iritsi beharko luke. Hau da, harri batzuek besteen euskarri-lana egin beharko lukete, eta arkuari eusten dion zutabe, horma, edo dena delakoak pisu hori arazorik gabe jasan beharko luke.
Baina lan hartan aritzen ziren langileek ikusi zuten errealitatea ez zela hain perfektua. Harri bakoitza ondokoarekiko independentea zenez, eta elkar ukitzen zuten azalerak nahiko irregularrak zirenez, harrien pisuaren transferentzia ez zen aipatutakoa bezain zuzena. Pisuaren zati batek indar horizontal ezegonkortzaile bat eragiten zuen: bultzada. Bultzada horizontal hura harrien kargak eragiten duen indar bertikalarekin elkartzean, sabaiek indar zeiharra eragiten zuten azkenean.
Arkuari eutsi behar zion horma ez baldin bazen kanporanzko indar zeihar hura xurgatzeko behar adina lodia, edo ez baldin bazuen egitura sendorik indar hari kontra egiteko, ezegonkortu eta behera erortzen zen. Eta ez ziren gutxi izan arrazoi harengatik eraitsi ziren eraikinak.
Hainbat bide asmatu zituzten arazo hura konpontzeko. Batetik, horma askoz lodiagoak eraikitzen hasi ziren. Zabaltzean pisu handiagoa hartzen zutenez, hormak gai ziren sortzen ziren indar zeiharrak xurgatzeko, eta egiturei zutik eusteko. Bestetik, jadanik eraikita zeuden eraikinen hormak sendotu behar izan zituzten teilatuak ordezkatu zituztenean. Horretarako, kontrahormak ezarri zituzten hormetan.
Helburu hura zuen beste sistema bat kanoi erdiko ganga izan zen. Hitzak berak adierazten duen bezala, kanoi-ganga baten erdia zen, hau da, tunel baten erdia. Eliza baten habearte baten bi aldeetan kanoi erdiko ganga bana jartzen zuten, habearte haren gangak eragiten zuen presioa desbideratzeko. Oso eraginkorra zen juxtu ganga bera bukatzen zen puntuan kokatuz gero. Hala, ganga hari eutsi beharko liokeen hormari laguntzen zion, pisuaren zati bat kentzen baitzion.
Egitura haien guztien artean, harrizko eraikin sendo izugarri handi bihurtu zituzten elizak eta katedralak. Bi hitzetan, horrela laburbildu dezakegu eraikin erromaniko bat: elkarri kontrako indarrak eragiten dizkieten egituren multzo bat. Hormak hain lodiak zirenez, eta hain funtzio garrantzitsua zutenez, ez zuten leiho handirik irekitzeko aukerarik. Izan ere, zulatuz gero hormek eusteko gaitasuna galduko zuten. Hortaz, leihoak eta ateak ahal bezain txikiak ziren. Eta, horren ondorioz, elizak oso ilunak ziren. Mardulak, sendoak eta ilunak.
Hurrengo pausoa: gotikoa
Urteak aurrera joan ahala, eraikitzeko teknikak findu zituzten, eta, pixkanaka, indarrak bideratzeko, xurgatzeko eta arintzeko bide berriak asmatu zituzten. Une batean, arkuen itxura aldatu zuten. Ordura arte zirkuluerdi-itxura zuten egitura guztiei arku zorrotzaren forma eman zieten: kanoi-gangak arku zorrotzez egin zituzten, eta lehen kanoi-gangak gurutzatuta eratutako ertz-gangen antzekoak eraiki zituzten arku zorrotzez egindako kanoi-gangekin. Gurutze-ganga izenez ezagutzen dira asmatu zituzten egitura berri haiek.
Aldaketa horrek txikia dirudi, baina izugarrizko aurrerapausoa izan zen. Hain zuzen ere, horrexek egin zuen posible eraikitzeko estilo batetik bestera iragatea. Arku zorrotzek modu bertikalagoan transferitzen dute erdiko harrien karga, eta, hala, bultzadaren indar horizontala nabarmen txikitzea lortu zuten. Horren ondorioz, hormek ez zuten lehen bezain lodiak izan beharrik, argalagoak izanda ere gai baitziren teilatuei eusteko.
Horrez gainera, indarrei kontra egiteko bide eraginkorragoak aurkitu zituzten. Ikusi zuten gurutze-gangetako lau zutoinak arkuen bidez lotzen baldin bazituzten elkarrekin ganga eratzen zuten harriek arku haiei transmititzen zietela karga. Hala, ganga haiek zutoinetan eragiten zuten indarra mugatzea lortu zuten. Oso lorpen handia izan zen hura, zutoinak bakarrik indartuta edo sendotuta nahikoa baitzen ganga osoaren karga indargabetzeko.
Zutoinen sendotasuna handitzeko, kontrahorma berriak garatu zituzten: ostiko-arkuak. Oinarrian, arkitektura erromanikoan erabiltzen zituzten kontrahormen funtzio bera zuten, baina eraginkorragoak ziren: gurutze-ganga lau zutoinekin elkartzen zen puntuetan, arku bana eraikitzen zuten kanporantz, eta arkuaren beste muturrean kontrahorma edo pilare bat eratzen zuten lurreraino. Euskarri hark eusten zion gangaren pisuari.
Hala, gangaren azpian zeuden hormek euskarri-funtzioa galdu zuten. Bultzadak indargabetzeko ez zegoen eraikinaren hormak erabili beharrik, eraikinetik kanpo zeuden ostiko-arkuek betetzen baitzuten funtzio hura. Eraikitzaileak ohartu ziren modu hartan izugarri handitu zezaketela eraikinaren altuera, eta, halaber, hormetako irekidurak nahi adina handitu zitzaketela. Berrikuntza haiei esker, elizak ordura arte imajinatu ere egin ezin zituzten eraikin handi, argitsu eta lirain bilakatu ziren. Eta argia egin zen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia