Egiptoarren begietako makillajeak infekzioetatik babesten zituen
2010/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Egiptoarren begiak apaintzen zituen marra beltzak begietako gaixotasunetatik babesten laguntzen ziela dio Analytical Chemistry aldizkarian argitaratutako ikerketa batek.
Ondorio horretara iristeko, Parisko Louvre museoko zenbait artelanen makillajea aztertu zuten Frantziako CNRS ikerketa-zentroko zenbait kimikarik. Naturan berez ez dauden berunaren bi gatz aurkitu zituzten makillajean, egiptoarrek eurek sintetizatutakoak. Izan ere, berunak gaixotasunak sendatzeko ahalmena zuela uste zuten.
Hasiera batean, horrek kimikarien harridura sortu zuen. Izan ere, beruna toxikoa izanik, pentsa liteke konposatu horiek kaltegarriak direla osasunerako. Horrenbestez, konposatu horiek zeluletan duten eragina aztertu zuten kimikari frantsesek, eta ikusi zuten oxido nitrikoaren ekoizpena ikaragarri handitzen dutela. Oxido nitrikoak immunitate-sistema suspertzen du, eta, hala, begietako infekzioak sortzen dituzten bakterioei aurre egiten laguntzen du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia