Egitura espazialak: Euskal enpresa bat onenen artean
1988/12/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orona
Joan den apirilean, enpresa honen 1987. urteko Ekitaldia aztertu zen ospatutako Batzarre Orokorrean. ORONA kooperatiba ORBIDE Eskualde-Taldearen barnean dago, taldearen finantz entitatea Lankide Aurrezkia delarik.
1987. urtean 3.164 milioi pezetako salmentak egin zituen eta plantila 448 pertsonakoa da.
ORONAren iharduera Igogailu, Eskailera Mekaniko eta Egitura espazialak egitea da. Erabilitako teknologia goimailakoa da, produktu nahiz fabrikazio-bitartekotan.
Horren ondorio zuzena, kontratatutako lanetan ikusten da. Enpresa desberdinekin lehian aritu ondoren, Bartzelonako Eraztun Olinpikoko, Montjuiteko Estadio Olinpikoko eta San Jordi Kirol-Jauregiko igogailuak egiteko alde batetik eta San Jordi Kirol-Jauregiaren estalki-egitura egiteko bestetik kontratuak eskuratu ditu.
Baina hau ez da izango egin den lan ikusgarri bakarra. Hortxe daude Sevillako Erakusketa eta Kongresu-Jauregi Berria, Sevillako San Pablo Polikiroldegia, etab.
San Jordi Kirol-Jauregia
17.000 pertsona eserita hartuko dituen eraikin honen aurrekontua, 5.818 milioi pezetakoa da. Horietatik 1.000 milioi, gutxi gorabehera, ORONAk beharko ditu estalki-egitura egin ahal izateko.
Egitura, 127,87 m luze, 105,60 m zabal eta 45 m altu da. Guztira, 13.462 m 2 ko azalera okupatzen du. 60 euskarri zirkularretan oinarritzen da eta hormigoizko egiturari karga bertikalak soilik transmititzen dizkio. Euskarriak dintel-habeen bidez binaka lotuta daude eta horrela portiko zurrun gisa lan egiten dute, haizearekiko eta lurrikarekiko egonkortasuna emanez.
Egitura nagusia, geruza bikoitzeko sare espazial batez osaturik dago. Barren batezbesteko tamaina 3,6 m-koa da eta sarearen bi geruzen arteko distantzia 2,5 m-koa.
Egiturak duen itxurak, inguru jakinetara bideratzen ditu indarrak. Horregatik kalkuluen lehen faseetan indarrak bi eraztun-bikoteetan kontzentratu nahi izan ziren; bata erdiko kupula mugatzen duen trantsizio-ertzean eta bestea kanpoaldean kokatuta zeudelarik. Eraztunak tutu kurbatu jarraiez eta soldatuz egin dira, beraien diametroak 406 eta 508 mm-koak hurrenez hurren izanik. Tutu soldatuzko nerbio erradial batzuk ere diseinatu dira, kanpoko eta barneko eraztunak estalkiaren lau izkinetan elkartzeko.
Eraztun eta nerbio hauen bidez estalkiko indar garrantzitsuenak nahi den lekura eramaten dira. Egitura osatzeko, sare berezi torlojotu batez baliatzen da. Sare hau ORTZ egitura-sistemari jarraituz eratzen da eta osagaiak tutuak (indar-transmisiozko elementu gisa) eta esferak (juntura gisa) dira.
Tentsio desberdinak direla eta, tutuak eta bola esferikoak tamaina askotakoak dira. Sare osoak 2.343 juntura eta 9.070 barra ditu. Geometri konplexutasunaren eraginez, luzera desberdinko barrak eta orientazio desberdineko zuloak dituzten esferak egin behar izan dira. Ondorioz 1.500 esfera-mota desberdin eta 3.200 barra-mota desberdin daude.
Diametroari eta tutuen hormaren lodierari begiratuz, aldaketak nabariak dira (ikus taula).
Esferei dagokienez, ondoko tamainakoak dira (mm-tan): 100, 134, 150, 178, 210, 250.
Sareko elementurik erresistenteenek 200 tonako ardatz-indarra jasan dezakete. Barra nahiz esferatan hainbeste tamaina desberdin erabili baldin badira, fabrikazioan bitarteko automatiko eta informatizatuak erabiltzen direlako da, hau da, CAD/CAM sistemak erabiltzen direlako.
Barren eta esferen fabrikazioa ORONAn, bertan, egin da. Horretarako, zenbakizko kontroleko makinak ordenadoretik zuzen-zuenean jasotzen dute informazioa. Horrela, langileak ez du fabrikazio-parametroen finkapenean parte hartzen, sistema malgua lortzen da eta, beraz, errore-probabilitatea minimotu egiten da.
Edozein egitura kalkulatzeko, karga-hipotesi desberdinak kontuan hartu behar dira, hala nola, haizea, elurra, karga estatikoak, etab. Egitura hau kalkulatzeko hamaika karga-hipotesi desberdin hartu behar izan ziren kontutan. Jakina da egitura bat karga-hipotesi desberdinen arabera estudiatzen denean karga-hipotesi desberdinak ez direla banaka bakarrik estudiatzen. Konbinazio desberdinak estudiatu behar dira, egiturak jasan ditzakeen baldintzarik txarrenak kontutan eduki ahal izateko. Kal-kulaketa-prozesu honek luze jotzen duenez eta fabrikazio-prozesua eten ezin denez, ORONAn gauetan eta asteburuetan uzten zuten ordenadorea lanean.
950 tonako egitura honek badu ORONAn asko azpimarratu duten beste ezaugarri bat, hau da barrak eta esferak fabrikatzerakoan dimentsio-perdoi estua. Barren kasuan 0,5 mm-koa eta esferen kasuan 0,1 mm-koa izan da. Errore-marjina hauek guztiz anormalak dira egituren munduan, baina horri esker lortu ahal izan da hain konplexua den irudi geometrikoa.
Behin egitura diseinatuz eta piezak eginez gero, muntaketari ekin behar zaio. Era asko dago muntaketa egiteko, baina hain erraldoi eta bitxi den egitura hau sistema ikusgarriaz muntatuko da. Sistema honen izena "Pantadome" da eta M. Kawaguchi da diseinatzailea. Esatea baino ikustea hobeagoa izaten denez, abendu/urtarrilaren artean ekingo diote muntaketari eta telesbista-kamerak ez dira faltatuko. Beraz gerta daiteke artikulu hau irakurtzen ari zaren bitartean telebistan muntaketaren berri eman ahal izatea.
Hala ere aurreko orrialdeko hiru argazkiak lagun diezagukete sistema honen azalpen soila egiteko.
Barrak eta esferak elkartzeko torlojo-sistema erabiltzen da. Horrela barrak alde batetik eta esferak bestetik garraia daitezke. Barrak eta esferak kokagunean erraz muntatzen dira; barra bakoitza eta esferetako zulo bakoitza numeratuta bait daude. Zenbakiak muntaketa-planoetan elkarerlazionatzen dira. Beraz, hauei jarraituz egiten da muntaketa.
Barrek eta esferek inprimazio- nahiz pintura-geruza bereziak behar dituzte, oxidazio-arazoei ihes egiteko. ORONAkoek esan digutenez, oso kontrol zorrotzak pasa behar izan dituzte arlo honetan.
Azkenik, zera esan beharra dago: ORONA proiektu honetara aurkezteko beste enpresa batekin aurkeztu dela; DRAGADOS Y CONSTRUCCIONESekin hain zuzen ere, DRAGORONA enpresa tenporalaren bidez. DRAGADOS Y CONSTRUCCIONES delakoak, kirol-jauregiaren azpikoa edo hormigoizko zatia egin du.
Eta orain zer?
Artikulu honen hasieran ORONAk enpresa desberdinekin lehia bizian aritu behar izan zuela esan dugu. Konkretuki enpresa alemaniar bat eta beste japoniar bat izan ziren lehiakideak. Bakoitzak bestearen akats edo ezintasun teknikoei begiratzen zien eta presio politikoak ere izan omen ziren.
Dena dela, enpresa euskaldun honek argi zuen proiektu honetan interes ekonomikoarekin batera izen onarena ere bazegoela.
Bartzelonan lortutako famari esker, munduko beste zenbait lekutan ere beren burua aurkezteko bidea erraztu zaie. Arabian adibidez, zenbait eraikuntza egiteko aukera izango dute. Espainian ere hor dabiltza egitura bereziak egiten, beti ere egitura espazialaren eremuan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia