}
Egoitz Salsamendi EHUko zoologoa

"Primateon gertuko animaliak dira saguzarrak, eta hurbiltasun horrek deserosotasuna sortzen digu birusen gaian"

2011/09/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

"Ornodunak" ikasgaia hautatu zuen Egoitz Salsamendik karrerako bosgarren mailan; Joxerra Aihartza saguzarrak ikertzen dituen zoologoak irakasten duen ikasgaia. Aihartzak eskainita, saguzarrei irrati bidezko jarraipena egiten ibili zen asteburu batez Karrantzan. Hantxe piztu zitzaion bokazioa, eta bere burua eskaini zuen ikerketa horretan aritzeko, "besterik ez bada garraiatzaile-lanak egiteko". Handik aurrera, saguzarren ikerketan aritu da Salsamendi, eta gaur egun ikertzen ari da Panaman nolako lotura dagoen basoaren zatikatzearen eta saguzarraren gaixotasunen artean; ikerketa interesgarria, saguzarrak gizakiari eragiten dieten birusen gordailu direla kontuan hartuta.
egoitz-salsamendi-primateon-arbasoak-dira-saguzarr
Egoitz Salsamendi EHUko zoologoa. Arg.: Tobias Gerlach/www.Deepgreenphoto.com. - Arg.

Karrantzatik Panamaraino bide luzea egin du Egoitz Salsamendik. Iberiar Penintsulako hainbat saguzar-kolonia ikertu zituen tesian, eta Alemaniako Ulmeko Unibertsatean egin zuen egonaldi bat, Elizabeth Kalko adituaren taldean (Saguzarren ikerketan erreferente handienetako bat). Egonaldi hartan sortu zitzaion aukera tesia bukatutakoan bertan lan egiteko, eta lan horrek eraman du Panamara, Barro Colorado uhartera. Ekainean itzuli zen Euskal Herrira, lau hilabete han eman ondoren; baina hara itzultzekoa da. Aurkitu nahi du nolako lotura dagoen basoaren zatikatzearen eta saguzarren gaixotasunen artean.

Zergatik Barro Colorado?

Han Smithsonian Institutuaren egoitzarik handiena dagoelako, eta munduko toki aproposenetako bat delako saguzarraren puntako ikerketa egiteko.

Zenbat pertsona zeundeten Barro Colorado uhartean?

Saguzarren taldean,ni egon naizenean (urte-sasoi lehorrean), zortzik egiten genuen lan. Bat people ginen. Tximuak ikertzen zituen taldean, monkey people , beste sei edo zazpi pertsona zeuden. Eta jende gehiago ere ari zen beste ikerketa batzuetan: baso-ekologiarekin, lurzoruko mikroorganismoekin, inurriekin, erleekin, liztorrekin eta abarrekin lanean. Guztira, 50-60 ikerlari izango ginen. Eta, horrez gain, egoitza martxan mantentzen duen jendetza dago.

Denak uharte batean sartuta.

Gran Hermano bezala. Baina egunero irteten dira itsasontziak uhartetik, adibidez, Panama hirira. Ondo antolatzen bazara, atseden har dezakezu egun batzuetan.

Zer du uharte horrek berezia izateko?

Barro Colorado Panamako kanal barruko uharte handi bat da, eremu babestu bat; euri-oihan tropikala da. Soberania parke nazionalaren barruan dago. Inguru hura monumentu natural izendatu dute: Barro Colorado uhartea, inguruko beste uharte txiki batzuk eta kanalaren penintsula batzuk ere bai.

Garai batean, baso jarraitua zen, baina gizakiak soilketa handiak egin ditu, eta denborarekin zelaiz eta hiriz inguratutako baso-zatiak geratu dira. Saguzar- espezie batzuentzat, baso-espezialistak direnentzat, oso zaila da zati horietako batetik beste batera mugitzea. Barro Colorado oso toki ona da zatikatze hori ikertzeko: duela ehun urte sortu zuten kanala, urtegi bat egin zuten, eta uraren maila igo zen; horrek hainbat uharte sortu zituen, eta hainbat penintsula isolatuta geratu ziren. Tamaina askotako zatiak dira.

Zein da zure ikerketaren helburua?

Helburu nagusia da ikustea habitata zatikatzeak --kasu honetan, basoa-- saguzarraren gaixotasunetan zer eragin duen. Saguzarrek, gainontzeko izaki guztiek bezala, berezko gaixotasun batzuk dituzte, eta habitataren kondizioak gaixotasun horietan eragiten duten faktoreak dira. Habitataren kalitateak, adibidez, bazka-kantitatean eta saguzarraren osasunean eragiten du. Gaixotasunen prebalentzian islatzen da.

Panamako Barro Colorado uhartea. Arg.: Egoitz Salsamendi.
Ikerketa sofistikatua dirudi.

Une honetan saguzarraren ikerketan dauden "puntu beroetako" bat da, ingelesek esaten duten bezala, hot-spot bat. Gizakiari eragiten dioten hainbat gaixotasunen gordailu dira saguzarrak, Afrikako ebola birusarena, adibidez. Ikerketa honek ekologia eta medikuntza lotzen ditu. Diziplina arteko ikerketa da, eta horrek egiten du sofistikatua.

Zergatik da "puntu beroetako" bat?

Saguzarraren ordena, sailkapen taxonomikoan, primateen (edo gure) arbaso hurbilenak direlako. Alegia, saguzarraren Chiroptera ordena da primateenetik hurbilen dagoen ugaztun-taldea. Eta hurbiltasun horrek nolabaiteko deserosotasuna sortzen du birusen inguruan, taxonomikoki gertu egoteak birusen kutsadura errazten duelako.

Beraz, birologoekin egiten duzu lan?

Bai. Ni birusez arduratzen naiz; gorotzetan dauden birusak aztertzen ditut teknika molekularrekin; eta birologoekin lan egiten dut. Kolaborazio-lan bat da, tesia egiten ari den neska batekin, Veronika Cottontail-ekin, egiten ari naizena; azaleko eta odoleko bizkarroiez arduratzen da, tripanosomez batez ere (Chagas eritasuna sortzen duen nematodoa). Eta saguzarrek dituzten nematodoak eta gizakietan Chagas eritasuna eragiten dutenak oso antzekoak dira. Horregatik, jauzia gerta litekeen beldurra dago.

Gorotzetatik jasotzen dituzu birusak, baina onena izango litzateke berez saguzarraren gorputz barrutik jasotzea, ezta?

Bai, birologoek esaten digute interesgarriena izango litzatekeela burmuinak jasotzea, adibidez. Baina guk animalia bizirik utzi nahi dugu.

Ikerketa hasi besterik ez da egin.

Hala da. Orain, lagin gehiagoren bila joango naiz Panamara, eta, gero, datuen analisia egin behar dut hemen.

Roa Zubia, Guillermo
3
278
2011
9
020
Zoologia; Ekologia; Elkarrizketak
Artikulua
40

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia