Egonean egonda, bizia laburtu
2008/02/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Hori ikusteko, 2.401 biki aztertu dituzte ikertzaileek. Batetik, bakoitzak zenbat ariketa egiten duen begiratu dute, eta, bestetik, telomeroen luzera neurtu dute. Telomeroak kromosomen muturrean daude, eta DNA babesten dute. Nolabait, zelulak banatzen direnean, telomeroen ardura da DNAk ez izatea kalterik.
Baina telomeroek ez dute beti luzera bera. Urteak aurrera egin ahala, laburtzen joaten dira, eta, horregatik, adinarekin handitu egiten da DNAri kalte egiteko arriskua. Bestalde, telomeroei esker, pertsona bakoitzaren zelulen adina jakin daiteke: zenbat eta telomero laburragoak izan, orduan eta zaharragoak dira pertsonaren zelulak.
Dena den, telomeroak ez dira adinarekin bakarrik laburtzen, beste faktore batzuek ere eragiten dute haien luzeran. Adibidez, tabakoa erretzeak telomeroak laburtzen ditu, eta, horrenbestez, asko erretzen duten pertsonen zelulak adin bereko pertsona ez-erretzaileenak baino zaharragoak dira. Eta zelulen adina pertsonaren bizi-luzerarekin lotuta dago.
Bikien azterketa
Londresko ikertzaileek jakin nahi zuten ea kirola egiteak telomeroen luzeran eragiten ote duen, eta, horretarako, bikiak aztertu zituzten. Biki monozigotikoek, alegia, obulu eta espermatozoide beretik garatu diren bikiek, informazio genetiko berbera dute, eta, hasieran, haien telomeroek luzera bera dute. Horregatik, inguruak edo ohiturek geneetan zer eragin duten jakiteko aproposak dira, pentsatzekoa baita geneetan desberdintasunak badituzte inguruko faktore horiek eragindakoak direla, neurri batean behintzat.
Bikien kirol-ohiturak eta telomeroen luzera erlazionatuta, ikertzaileek ikusi dute bikiak izanda ere alde nabarmena dagoela telomeroen luzeran bikietako batek kirol asko eta besteak gutxi egiten badu. Bi talde bereizi zituzten: kirol gehien egiten zuten taldekoek, batez beste, hiru ordu eta hogei minutu ematen zuten astean kirola egiten; gutxien egiten zutenak, berriz, astean 16 minutu aritzen ziren asko jota. Bada, lehen taldekoen telomeroak besteenak baino 200 nukleotido luzeagoak dira (nukleotidoak telomeroak osatzen dituzten unitateak dira).
Ikertzaileek azaldu dutenez, telomeroen luzeran dagoen alde horrek esan nahi du kirol gehien egiten dutenak besteak baino hamar urte gazteagoak direla biologikoki, gutxi gorabehera.
Arrazoi bila
Ikertzaileek berek aitortzen dute kirol gehien eta gutxien egiten duten taldeen artean desberdintasun bakarra ez dela izango zenbat ariketa fisiko egiten duten. Seguru asko, elikadura-ohitura, pisu, gizarte-maila... desberdinak izango dituzte, eta ezaugarri horiek ere eragin dezakete telomeroen luzeran.
Edonola ere, kirola eta telomeroen luzera erlazionatuta badaude, zientzialariak horren arrazoia azaltzen saiatu dira. Haien ustez, litekeena da pertsona sedentarioen zelulak besteenak baino maizago berritzea. Zenbat eta gehiago berritu, orduan eta lehenago laburtzen dira telomeroak. Bestalde, pentsatzekoa da kirola egiteak oxidazio-erreakzioak areagotzen dituela zeluletan, baina badirudi oxidazio horrek mesede egiten diela zelulei.
Arrazoia edozein izanik ere, zientzialariek argi dute bikiekin egindako azterketa argigarria dela. Kirola egiteko arrazoi bat gehiago dugu, beraz.
Deia -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia