}

Egun garrantzitsua biologian: Lineok Species Plantarum argitaratu zueneko 250. urteurrena

2003/08/29 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Jo dezagun 300 urte atzera. Orduan ere ikertzaileek landare- eta animalia-espezieak izendatzeko beharra izaten zuten euren lanean. Eta askotan, izendatu ordez, deskribatu egin behar izaten zituzten izen estandarizaturik ezean. Askoz lehenagotik ‘ezaugarri espezifikoak’ zituzten bizidunak ‘generotan’ biltzen zituzten antzekotasunen arabera; baziren espezieak bi izenen bidez izendatzen zituztenak ere, baina ez zegoen izendatze horretarako modu sistematikorik. ‘Ezaugarri espezifikoko’ bizidunak biltzeko ‘generoak’ ere erabat arbitrarioak ziren ikertzailearen arabera –animalia etxekotu guztiak edo uretako animalia guztiak genero banatan zeuden–.

Eta egoera hori zela, Carl von Linné naturalista suediarrak Species Plantarum liburua argitaratu zuen 1753an. 5.900 landare inguru bildu zituen liburuan. Baina garrantzitsuena ez da biltze-lan hori egin izana, landareak izendatzeko erabili zuen sistema baizik. Landare guztiei izendapen binomiala eman zien: lehenengo talde orokorraren izena –hots, generoa–, adibidez Pinus, jartzen zuen eta ondoren landare-espezie bakoitzari zegokion izena, adibidez lambertiana. Eta landare-espezie jakin hori Pinus lambertiana bezala soilik izendatzen zuen. Baina, gainera, bizidunak multzokatzeko ‘generoa’ baino maila gehiago finkatu zituen.

Landareen kasuan Species Plantarum liburukoak eta animalien kasuan Systema Naturae liburuaren hamargarren ediziokoak (1758) dira zientifikoki baliagarritzat jotzen diren izendapen zaharrenak. Baina, gainera, bizidunak sailkatzeko erabili zuen modua gaur egun ere indarrean dago eta taxonomoek erabiltzen dute moldaketa batzuk izan dituen arren. Horregatik ‘taxonomiaren aita’ deitu izan zaio Carl von Linné-ri.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia