}

Eguraldia zuzenean telebistan

2000/01/25 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Estatu Batuetako konpainia bat bere satelite multzoa garatzen ari da ekaitzen, tornadoen eta suteen irudiak ia zuzenean eskaintzeko. NASAk ikerketarako datuak erosiko dizkio

Datorren urtean Mississippiko Astro Vision Inc. enpresak satelite txikien multzo bateko lehenengoa espazioratuko du. Satelitetxo horiek ekaitzen fronteen, hurakanen, basoetako suteen eta hainbat hondamen naturalen koloreetako irudiak zuzenean eskainiko dituzte. NASAko teknikarien arreta jasotzen ari da proiektu hori, ikerlariek datu horiek guztiak erabiltzea espero baitute. Bestalde, Interneteko datuen beharra asetzen hasteko iturria izan daiteke.

Science aldizkariaren azken alean aipatzen denez, lehenengo urratsa martxan jartzeko behar diren 65 milioi dolar biltzeko lana aste honetan bukatuko dute. Urrats horretan Avstar 1 satelitea 2001eko urrian jarriko dute orbitan eta sei hilabetera, aurrekoa bezalako beste bat.

Diru sarrera aipagarriak

Beste ekarpen ekonomikoa ere izango dute, NASAk erosiko baitu tornadoen sorrerari buruzko 9,4 milioi dolarreko informazioa. Hala ere, enpresak izango duen diru sarrerarik handiena izango da Eguraldiaren Kanala (The Weather Channel) jarraitzen duen ikuslegoa eta Interneteko NOAAko (National Oceanic and Atmospheric Administration) web gunea irekitzen duena. Michael Hewins enpresako buruetako baten hitzetan «Lurraren Meteorologia eta ingurugiroa ikusteko modua aldatuko dugu». NASAkoen iritzia ez doa hain urrutira. «Zaindutako proiektua da eta aurrera ateratzeko baliabide askorekin», dio Stennis Space Center-eko David Brannon. Bramon-ek 3 urtez egin du lan Astro Vision enpresakoekin.

Avstar satelite bakoitzaren kostua 20-25 milioi dolarrekoa da, espazioratze gastuak barne. Bi kamera daramatza; lehenengoa angeluhandia da eta 7 kilometroko zehaztasuna du, eta bigarrenak, angelu txikiagoa hartzen du baina kilometro erdiko bereizmena du. Bereizmen hori txikia da militarren satelite espioien aldean, baina jadanik erabiltzen diren beste batzuen zehaztasuna dute eta eguraldia behatzeko hainakotzat har daitezke.

Astro Vision enpresako ekipamenduak minuturo bidaliko du irudia. Kontuan hartu behar da Estatu Batuetako Gobernuko sateliteek irudia gutxienez hamabost minuturo bidaltzen dutela eta, batzuetan, ordu erdiro. Horrela Astro Vision-ek ekaitzen eta hurakanen sorreraren eta suteen barreiatzearen bideoak lortu nahi dituzte. Sumendien erupzioak gertatu diren bezain laster iragarriko dira eta suteen zabalera ezagutu. Proiektuaren bigarren urratsean sei hilabetero egingo dira sateliteen jaurtiketak. Satelite horien bereiztasuna 100 metrokoa izango da. Azkenean, sateliteen multzoari esker dena batera ikusi ahal izango da.

Gobernuko satelite sistema

Fritz Hasler NASAko Goddard Space Flight Center-eko meteorologoak esaten du proiektu horrek oraingoek eskainitakoa baino malgutasun handiagoa emango die- la meteorologoei. Oraingo GOES (Geostationary Operational Environmental Satellites) sateliteek aukera egin behar dute Lurraren ikuspegi orokorraren eta lurralde txikien eskaneatze azkarren artean. «Orokorrean bi metodoetatik bakarra jarraitu behar dugu», dio Raymond Steiner GOES-eko teknikariak. Gainera, GOES-a ikertzaile askok erabiltzen dutenez, ez dago aukerarik bakoitzak nahi duenaren eskaneatze zehatzak egiteko. NOAAkoek satelite berria izango balute, eskaneatze txiki azkarrak egiteko erabiliko lukete baina ez dute horretarako dirurik.

Gainera, Astro Vision enpresaren sateliteen ikusmira GOES-ena baino estuagoa izango da, kilometro erdiko bereizmena kilometro batekoaren aldean. Brannon-en iritziz, tximinia itxura duten hodeiak sor ditzaketen ekaitzen goialdeak modu zehatz batean behatu ahal izango da. Tornadoak sortu baino 15 minutu lehenago iragarri ahal izango direla esan nahi du horrek. Enpresa pribatuen probetxua ekartzen du proiektuak. Astro Vision enpresari datuak erostea, satelite berriak garatzea, egitea eta jaurtitzea baino merkeago zaiela adierazi zuen NASAko Lurreko zientziaren bulegoko arduradunak, Ghassem Asrar-ek.

Hala ere, bada GOES sistemaren alde dagoenik ere. Dennis McCarthy meteorologoak dio GOES-aren irudi sistema eta Doppler efektuko radarra konbinatuta, batzuetan tornadoen sorrerak azkar iragartzen dituela eta minuturoko eskaneatzeek ekaitzen eboluzioa ere eskaintzen dutela. Diru asko handik badator ere, Astro Vision enpresakoen helburua ez da soilik Gobernurako datuen bilketa egitea. Saltzeko bideoak egiten dituen enpresa da, aisialdirako produktuak, alegia. Eta esan dutenez, bere produkzioaren bi heren gutxienez komunikabideetan erabiltzeko izango da, Internet-eko konpainiak ere tartean daudela. Enpresakoen ustez, aisialdirako egindako zientziaren adibide izan daiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia