}

Egutegi gregoriarra

1986/10/01 Arregi Bengoa, Jesus Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gaur egun erabiltzen dugun egutegiaren antolaketa ulertzeko oinarriak aztertu izan genituen. Bertan esaten genuenez, antolaketa hori egiteko egun eguzkitiarra eta urte tropikoa erabili behar ditugu.

Aurreko alean gaur egun erabiltzen dugun egutegiaren antolaketa ulertzeko oinarriak aztertu genituen. Bertan esaten genuenez, antolaketa hori egiteko egun eguzkitiarra eta urte tropikoa —365 egun 5 ordu 48 minutu eta 47,5 segundo— erabili behar ditugu. Baina azkeneko kontzeptu honen garapena eta bere balioaren neurketa ez dira problema errazak, Lurraren prezesio-higiduraren ezagupena eskatzen duelako. Hori dela eta, aintzinako zibilizazioek egutegi ilargitarrak erabiltzen zituzten, hau da, Ilargiaren faseen zikloan oinarritutakoak, ziklo hori nahiko neurterraza delako.

Gaur egun badugu oraindik egutegi hauen adibide hedatua: musulmanen egutegia. Egutegi honen unitate nagusia, hilabetea da eta bere iraupena Ilargiaren faseen periodoari lotzen zaio ahalik eta ondoen. Periodo hau l29,530 egunekoa denez eta egutegi hauetan ere urteak 12 hilabete dituenez, urtearen iraupenak 354,367 egunei gehien hurbiltzen zaiona izan behar du. Hori kontuan izanik eta hilabeteak egun-kopuru osoa izan behar duenez, 30 eta 29 eguneko hilabeteak txandakatuz antolatzen da urtea, hau 354 egunekoa izanik.

Urtearen bukaera 0,37 egunez aurreratzen denez, 30 urteko ziklo bat egiten da, horietako hamaikak azkeneko hilabetea 29koa beharrean 30 egunekoa izanik. Honela, 30 urteko periodoa betetzean urte bakoitzaren batezbesteko iraupena

egunekoa da; behar duen balioaren oso antzekoa.

Baina itzul gaitezen egutegi eguzkitiarren arazora. Lehen aipatu ditugun zailtasunak izan zirela eta, onartzeko moduko lehen egutegi eguzkitiarra Julius Caesar-ek K.a. 46. urtean argitaratu zuena izan zen. (Kontuan izan data hau gaur egun urteentzat erabiltzen dugun jatorriarekiko emana datorrela, garai hartan Erromaren sorreraz gero 708.a zelarik). Juliarra deitu ohi den egutegi berri hau, lehenagoko egutegi erromatarrean oinarritua zegoen, eta azken hau garai bateko egiptiarrean.

Goazen bada egutegi juliarraren berezitasunak aztertzera. Egutegi eguzkitiarren arazo nagusia egunen eta urte tropikoaren arteko erlazio bat lortzean datza, honen iraupena egun-kopuru osokoa ez delako. Urtearen iraupenaren orduko datuak kontuan izanik (365,5 egun), Caesar-ek erreforma ezarri zuenean 4 urteko ziklo bat eratu zuen, hiru urte 365 egunekoak eta laugarrena 366 egunekoa izanik aurrekoetan galdutako orduak kontuan hartzearren.

Honetaz gain, erreforma dekretatu zeneko urteari 90 egun gehitu zitzaizkion agindu zuen urtaroekiko desfasea zuzentzekotan, hau da, udaberriaren hasiera, berriz ere, martxoaren 21arekin bat egitekotan. (Azken neurri hau ez da eskakizun astronomikoa, noski, baina lehenagoko data mantendu nahi izan zuten). Geroago 455 eguneko urte honi nahaste-urte deitu zitzaion, baina harrez gero egutegi hau, XVI. mendean egin zitzaion erreforma dekretatu arte erabili zen eta zenbait lekutan askoz ere geroago arte.

Egutegi juliarrak ez zukeen erreforma gehiagoren beharrik izango urte tropikoaren iraupena 365,25 egunekoa balitz, baina dakigunez, 11 minutu eta 12,5 segundo laburragoa da. Urteen igarotzeak, ezberdintasun hauen pilaketa zekarren, eta udaberriaren aurreratzea nabaria zen azkenean. Niceako Kontzilioa ospatu zenean (K.o. 325.ean) aurrerapena 3 egunekoa zenez, berriz ere data zuzendu egin zen; baina atzerapena sortzen zuen akatsa zuzendu gabe. Lehen esan dugunez, XVI. mendean baztertu zen okerra Gregorio XII. Aita Sainduak lan hori burutzeko osatu zuen taldearen bidez.

1. irudia.

Garai hartan udaberriko ekinozioa 10 egunez aurreratua zen. Atzerapen horrek ez zekarren artean garrantzizko arazorik bizitza arruntaren ikuspuntutik. Erreformaren arrazoi nagusia erlijiosoa izan zen; Berpizkunde-Igandearen ospakizunarena hain zuzen ere. Gorago aipatu dugun Nicea-ko Kontzilioan Berpizkunde-Igandea fenomeno astronomiko batekin lotua zegoen; data aldakorrean ospatzea erabaki zen, udaberriko ekinokzioaren ondorengo lehen hilabetearen hurrengo igandean konkretuki. Beraz, ekinokzioaren aurrerapenaren kausaz, Bazko-Eguna azkenean udan ospatu beharko zen. Desfase honi ihes egiteko agindu zuen Gregorio XIII.ak egutegiaren berrantolaketa.

Berrantolaketa egiteko batzordeak lanak burututakoan, Aita Sainduak erreforma dekretatu zuen, 1582.eko otsailaren 24ean, Inter gravissimas buldaren bidez. Udaberriaren hasiera martxoaren 21arekin bat egiteko, Nicea-ko Kontzilioan hartutako neurriaren antzekoa hartu zen, eta urte hartan egutegiaren data hamar egunez aurreratu zen, urriaren 4tik (osteguna) urriaren15era (ostirala) pasatuz.

Beste neurriak urte tropikoak egutegiarekiko aurreratzen zituen 11 minutu etab. zuzentzeko pentsatuak ziren. Egutegi juliarra 400 urtetan hiru egunez desfasatzen zen Eguzkiarekiko. Horregatik 400 urtero hiru urte bisestu arrunt sartzea erabaki zen. Kendu behar ziren bisestu hauek, ehunen anizkoitz diren urteetatik kentzea erabaki zen: lehenengo bi zifrez osatutako zenbakia lauaren anizkoitza ez dutenak hain zuzen ere. Beraz erreforma-urtetik aurrerako ehunen anizkoitzak, 1600, 1700, 1800, 1900, 2000 etab. dira eta 1600, 2000, 2400, etab. bakarrik dira bisestuak.

Kalkula dezagun orain egutegi gregoriarraren urtearen eta urte tropikoaren arteko ezberdintasuna. Azken erreformaren ondoren, 400 urtetan egon beharko luketen 100 urte bisestuetatik 3 kendu egin ziren, hau da, 400 urtetan 97 ditugu bisestuak; beraz, urtearen batezbeseko iraupena

egunekoa dugu. Beste modu batez esanda, 365 egun 5 ordu 49 minutu eta 12 segundo. Ondorioz diferentzia 24,5 segundokoa bakarrik da. 1. irudian egutegi juliarrak eta gregoriarrak ematen dituzten udaberriko ekinokzioaren desplazamenduak konparatzen dira. Ikusten denez, gregoriarra askoz ere zehatzagoa da, baina zehaztasun hau ez da erreformaren egileek uste zuten bezain ona. XVI. mendeko astronomoek ez zuten kontuan izan (orduan efektu hori ezagutzen ez zutelako) urte tropikoaren iraupena laburtuz pixkanaka-pixkanaka ekinokzioaren aurrerapena haundituz doanik.

Egutegiaren erreforma, ez zen berehala onartu nazio guztietan. Hasiera batean Elizarekin oso harreman onak zituztenak bakarrik onartu zuten, nahiz eta urte gutxiren buruan beste Herri katoliko guztiak ere onetsi. Dena den, Herri hauetan ere jendearen protestak ugari izan ziren erreforma, eta batez ere hamar egunetako saltoa, boterearen jukutri gisa hartu zutelako. Herri protestanteetan, urteko eta mendeetako azterapenez onartu zen egutegi berria. Inglaterra eta bere kolonia amerikarretan adibidez, 1752an dekretatu zen. Grezian, berriz, 1923.erarte egutegi juliarra erabili zuten eta urte honetan gregoriarra ezarri bazen ere, 1935.ean istilu haundiak sortu zituzten onartu nahi ez zutenek.

Bukatzeko, zera esan behar da: egutegi gregoriarra beste batez ordezkatzeko azterketa eta proposamen asko egin dela, betirako sistema arrazionalagoa lortu nahiz, hau da, urtero kalkulatu behar ez den sistema bat lortzeko asmoz. Beraz, interesgarria izango litzateke urteko data bat beti asteko egun berean izatea eta Bazko-Eguna eta beste jai higikorrak finkoak izatea. Baina orain arteko saioek ez dute arrakastarik izan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia