Eguzki-erradiaziotik babesten gaituen pigmentuaren mekanismoa argitu dute
2014/06/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Jakina da melaninak kolorea ematen diela ileari, larruazalari eta begiei, eta, horrekin batera, gorputza eguzki-erradiazio ultramoretik babesten duela. Zehazki, melaninaren forma batek, eumelaninak du ahalmen babeslea. Orain arte, ordea, ez zekiten zerk ematen zion ahalmen hori. Horixe da, hain justu, MIT Massachusetseko Teknologia Institutuko ikertzaileek argitu dutena, beste batzuekin elkarlanean.
Nature Communications aldizkari espezializatuan eman dute ikerketaren berri, eta, azaldu dutenez, molekularen egituran dago gakoa. Hain zuzen, molekulen konposizioa aztertzeko espektroskopia erabiltzen da, baina, eumelaninaren kasuan, teknika hori ez da nahikoa izan bere sekretuak argitara ateratzeko. Horrenbestez, ikertzaileek tresna informatikoak eta analisi esperimentala uztartu dituzte, eta horri esker ikusi dute osagaien antolamenduari zor diola eumelaninak bere funtzioa, ez osagaiei soilik.
Antza denez, eumelaninak zati batean geometrikoki antolatuta ditu osagaiak, eta beste batean, nahasian, eta konbinazio horrek blokeatzen ditu ultramoreak. Ikertzaileen esanean, “nanokonposite naturala da” eumelanina. Gainera, ikusi dute, oinarrizko egitura berbera izanda ere, ehun aldaera baino gehiago daudela; horrek azaltzen du, erradiazioa blokeatzean, batzuetatik besteetara dagoen aldea.
Eumelaninaren ezaugarriak ezagutzea material sintetiko berriak sortzeko baliagarria izan daitekeela adierazi dute ikertzaileek, eta eguzki-zelulen eraginkortasuna areagotzea izan daiteke aplikazioetako bat.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia