}

Eguzki-izpien bidezko kirurgia

2002/08/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Kirurgian asko erabiltzen da laserra, baina, garatze-bidean dauden herrialdeentzat garestia denez, ez dago nahi beste zabaldua. Orain, laserraren ordez eguzki-izpiak erabiltzeko modua asmatu dute Israelgo Ben Gurion Unibertsitateko ikertzaileek.

Asmatu berri duten tresnak eguzki-izpiak bildu eta 15.000 aldiz kontzentratzen ditu. Plater kurbatu baten bidez, eguzki-izpiak foku-puntuan biltzen dira, eta hor dagoen ispilu txikiak, berriz, zuntz optikora bideratzen ditu. Zuntz optikotik zelula fotovoltaikoetara joaten da argia, edozein tokitan daudela ere. Beraz, ospitaleko teilatuan dauden plateretan bildutako eguzki-izpiak bilduta iristen dira ebakuntza-gelara.

Platera bakoitzak 5 watt ekoizten dituenez, elkarrekin jarritako plater mordoxka batek erraz ekoizten du 60 watteko bonbilla bat argitzeko adina indar. Eta laser-aparatuak baino askoz merkeagoa da; laser unitate batek 100.000 dolar balio ditu, eta eguzki-izpien bidezko tresna berriak, aldiz, 1.000 dolar besterik ez.

Ikertzaileen esanean, tumoreak kentzeko aproposa da. Dagoeneko probatu dute oilaskoen bularrean eta gibelean, eta gibeleko tumoreetan oso emaitza onak ematen ditu nonbait. Dena dela, ez dirudi oso egokia Euskal Herrirako, egileek berek aitortzen baitute eraginkortasuna asko jaisten dela eguzkiaren parean hodei bat jarriz gero.

Nolanahi ere, platerak eguzki-energia merkatzeko ere balio dezake. Izan ere, gaur egungo zelula fotovoltaikoek eguzki-energia zuzenean elektrizitate bihurtzen dute. Eraginkorrak badira ere, osatzen dituzten material erdieroaleak oso garestiak dira. Plater horien bidez, ordea, askoz ere energia gehiago bidera daiteke txip txiki batera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia