Eguzki-sistemaren horma-irudi eguneratua
2007/01/01 Solabarrieta Arrizabalaga, Danel - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Pluton planeta ote zen edo ez eztabaidari bukaera emateko, planeten eta planeta nanoen ezaugarriak zein diren erabaki zuen Astronomoen Nazioarteko Batasunak 2006ko abuztuaren bukaeran. Orain, zortzi planeta ditu gure eguzki-sistemak (Merkurio, Artizarra, Lurra, Marte, Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno), eta lau planeta nano (Zeres, Pluton, Karon eta Eris).
Sailkapen berri horretaz asko hitz egin da gizartean, eta batez ere hezkuntzaren munduan. Bide horretan, Elhuyar Fundazioak Astronomoen Nazioarteko Batasunak hartutako erabakiak kontuan hartzen dituen eguzki-sistemaren horma-irudi berritua kaleratu du.
Horma-irudian, planeta eta planeta nano guztiak daude irudikatuta. Eta, irudiaren ondoan, bakoitzaren hainbat datu ematen ditu: satelite-kopurua, diametroa, masa, dentsitatea, errotazioa, Eguzkitik hara dagoen distantzia, argiak Eguzkitik hara iristeko behar duen denbora, eremu magnetikorik duen ala ez eta eraztunik duen ala ez.
Eguneratua eta erreala
Aurreko guztiarekin batera, gorputz bakoitza planeta edo planeta nanoa den eta zein tokitan dagoen irudikatzen du. Planeta nanoen kasuan, gainera, Kuiperren gerrikoa eta asteroide-gerrikoa ere irudikatu dira, eguzki-sistemaren eremu horietan
baitaude gorputz horiek. Eremu horietan, baina, beste milaka objektu ere badaude, eta, horiek irudikatuta, guztiak eguzki-sistemaren parte direla nabarmendu nahi izan da horma- irudian, eguzki-sistemaren ikuspegi ahalik eta osatuena eta errealena emateko.
Helburu berari jarraiki, eskala adierazteari ere garrantzi berezia ematen dio horma-irudiak. Horregatik, horma- irudiaren behealdean bigarren eguzki-sistema bat irudikatu da. Bigarren irudikapen horretan, Eguzkirako distantziaren arabera daude kokatuta planetak eta planeta nanoak, eta elkarrekiko duten tamaina erlatiboa ere erakusten da. Horri eskerrak, begiratu batean ikusten da nolakoa den eguzki-sistema, eta, adibidez, segituan jabetzen da bat zein urrun dauden Urano eta Neptuno Eguzkitik.
Ezaugarri teknikoei dagokienez, horma-irudia 98 x 30 cm da, eta etxean edo ikasgelan jartzeko pentsatu eta diseinatu da.