Eguzki-sistemaren muga
1993/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Eguzki-sistemaren muga duela gutxi zehaztu dute Frantziako CNRS erakundeko astrofisikariek. 100 unitate astronomiko edo 15 mila milioi kilometro inguruan dago.
Heliopausak, heliosfera (hau da, Eguzkia eta berau inguratzen duen Eguzki-haizea) eta partikula neutro zein plasmaz osatutako izarrarteko hodeia bereizten ditu.
Izarrarteko hodei lokalean dabilen heliosfera, gasezko haize batek (izarrarteko haizeak) nolabait garbitu egiten du. Izarrarteko plasmak heliopausa saihestu egiten badu ere, partikula neutroek (hidrogeno-atomoek batez ere) zeharkatu egin dezakete.
Batetik hidrogenoaren ezaugarriak eta bestetik heliopausa aztertuta, hidrogenoaren dezelerazioak heliosferaren eragina dagoela adierazten du. Izarrarteko plasmaren dentsitatea ere neur daiteke, eta zentimetro kubiko bakoitzeko 0,6 eta 0,10 protoi bitartekoa izan behar du. Dentsitate hori aski da Eguzki-haizea ehun unitate astronomikora heltzen ez den heliosferan mantentzeko.