}

Eguzkia ezkutatzearekin bat, haizea harrotzen da

2002/11/27 Elhuyar Zientzia

Eguzki-eklipseetan, jende askok haizea harrotzen dela sumatzen du. Zientzialariek, baina, ez zioten arreta jarri fenomeno horri, eta orain arte ez zioten azalpen zientifikorik bilatu.

1999ko abuztuaren 11n Europan eta Asiaren mendebaldean ikusi zen eklipseak oihartzun handia izan zuen, eta zientzialariek eklipsea aztertzeko aukera aprobetxatu zuten. Erresuma Batuko ikertzaile batzuek eguraldiari buruzko datuak biltzen zituzten tresnak jarri zituzten eklipseak egin zuen bide guztian. Jasotako datuak Britainia Handiko Reading hirikoekin alderatu zituzten —Reading eklipseak egindako bidearen alde batean dago–.

Ikerketari esker, eklipseak iraun bitartean haizearen jokabidea aldatu egiten dela ikusi dute. Ehunka kilometrotan, Eguzkiaren argia desagertu eta tenperatura jaitsi ahala haizea aldatu egin zen, baita hodeiz estalitako tokietan ere. Adibidez, Readingen hodeitsu zegoen, eta tenperaturak jaitsi zirenean, zikloi-moduko bat sortu zen.

Eklipseak egindako bide guztian antzeman ziren aldaketak haizearen jokabidean, eta, eklipsearen ondoren, lehenera itzuli zen. Aldiz, presio atmosferikoaren aldaketak eklipsea pasatu eta ordu batzuk geroago ere sumatu ziren. Nonbait, atmosferaren goiko geruzak hoztu egin ziren eklipseagatik, eta Lurraren azalerantz pixkanaka hedatu ziren.

Ikerketa Proceedings of the Royal Society aldizkarian argitaratu dute.

Argazkia: Jerry Lodrigus

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia