Eguzkia urrun dago, eta egun hauetan inoiz baino urrunago
2002/07/08 Elhuyar Zientzia
Egun hauetan dago Lurra Eguzkitik urrunen, aphelion deritzon posizioan, 152,6 milioi kilometrora. Gertuen, aldiz, urtarrilean egoten da, perihelion posizioan, ia 50 milioi kilometro gutxiagora. Hala ere, orain udan gaude, urteko sasoirik beroenean, eta urtarrilean hotzak. Nola da posible kontraesan hori?
Azalpena uste baino errazagoa da: Lurraren ardatzaren okerdura da urte-sasoiak baldintzatzen dituena. Ipar-hemisferioan udan gaudenean, Lurraren zati horrek Eguzkiari zuzenago begiratzen dio, eta, nahiz eta Eguzkitik urrunago egon, berotu egiten da. Neguan, berriz, Eguzkitik datozen izpiak okertuta heltzen zaizkigu; horregatik, ez du hainbeste berotzen eta negua izaten dugu. Hego-hemisferioan guztiz kontrakoa gertatzen da.
Gainera, ipar-hemisferioan lur gehiago dago hego-hemisferioan baino. Lurrak askoz ere errazago xurgatzen ditu eguzki-izpiak eta xurgatu ahala askatzen du lurrak beroa. Hortaz, udan beroa pilatu egiten da eta tenperatura igo. Tenperatura-igoera hori planeta osoan nabaritzen da. Horregatik uztaila da, batez beste, Lurreko hilabeterik beroena.
Hego-hemisferioan, aldiz, ozeano gehiago dago lurra baino. Urak denbora gehiago behar izaten du Eguzkitik datorren beroa xurgatzeko, eta, era berean, gehiago kostatzen zaio bero hori askatzea. Hori dela eta, hego-hemisferioko uda askoz ere freskoagoa da iparrekoa baino, eta eragin gutxiago du.
Beraz, nahiz eta uztailean eguzkia inoiz baino urrunago egon, ipar-hemisferioan askoz ere gehiago sumatzen dugu haren eragina.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia