}

Eguzkiak desagerrarazi zituen bere gurtzaileak

2001/05/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Eguzkiaren distiran izandako aldaketa txikiek Yucatán penintsulan klima-aldaketa izugarria eragin zuten eta, ondorioz, maien zibilizazioa desagertu zen. Hori esaten da Science aldizkariak argitaratutako artikulu batean.

Artikuluaren arabera, aintzira baten bihotzean metatutako lokatza aztertu dute eta, eremu hartan, milaka urtetako lehorterik handiena maien gainbehera hasi zen une berean gertatu zela adierazten dute bertan bildutako datuek.

Eguzki-jarduerak 206-208 urteko zikloak betetzen ditu. Eredu hori zuhaitzetako eraztunetako C-14ean gordetzen da, Eguzkiaren distirak eta orbanek C-14aren kantitatean eragiten baitute.

Datu berriak Mexikoko Chichancanab lakupeko bihotzari esker bildu dira. Lakuaren azpian pilatutako igeltsu-geruzek lakuaren inguruko klimaren berri ematen dute: lehorte-garaietan, eta lurruntzearen eraginez, gatzak kontzentratu egiten dira eta igeltsua hauspeatu egiten da. Floridako Unibertsitateko paleoklimatologoek garai hartako igeltsu-metaketa eguzki-jarduerari buruzko beste datuekin alderatu zituzten eta bi mendetako aldaketa-eredua betetzen zela ikusi zuten.

Maien zibilizazioaren amaieraren garaiko igeltsuaren datuek agerian uzten dute zenbaterainokoa izan zen lehortea. Lehorterik handiena 750-850 urteen artean gertatu zen eta 7.000 urtetan izandako izugarriena izan zen. Bestalde, maien zibilizazioaren gainbehera 750-950 bitartean gertatu zen.

Hala ere, maien kulturan adituak diren batzuk ez daude guztiz ados. Esate baterako, Arizonako Unibertsitateko arkeologo baten esanean, klimak maiak desagertzearekin zerikusia izan bazuen ere, ez zen eragile bakarra izan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia